Markina-Xemein - Bihar inauguratuko du Markina-Xemeingo Udalak Arretxinagako udaletxe berriztua, aurrerantzean Udal Musika Eskolaren egoitza izango dena. Eraberritzeak 1.059.202,28 euroko inbertsioa suposatu du. Jardunaldiak hiru tzandatako hitzordua izango du: 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan. Udaleko nozeramaileek zehaztu dutenez, “bisitetan parte hartzen duten herritarrek eraikina barrutik ikusteko aukera izango dute, bertatik ibilbide musikatua eginez. Bisiten ostean luntxa eskainiko” dela aurreratu dute.

Orain dela hiru urte ekin zioten eraikina eraberritzeko lanei, guztira 125 musika ikasleri zerbitzu emango diona. “Ordutik, erakina erabat berritu da: teilatua konpondu, igogailua instalatu eta aerotermia eta domotika sistema ezarri dira, besteak beste. Gorengo solairuan espazio zabal bat eratu da, erabilera anitzetarako aproposa izan daitekeena, hala nola kontzertu eta hitzaldiak eskaintzeko”. Beheko solairuari dagokionez, “bi gela, biltegia eta sukaldea ditu eraikinak. Azken hau herriko talde eta elkarteek erabili ahal izango dute”. Guztira, 1.059.202,28 euroko inbertsioa suposatu du Udal Musika Eskolaren eraberritzeak. “Hortik, Udalak beregain hartu behar izan duen kopurua 847.658,16 eurokoa izan da (hau da, inbertsioaren %80,03). Gainontzekoa diru-lagun-tzen bidez bideratu da”.

“Azken bi urteetan Zeharkalean (udaletxe zaharrean) kokatu den Udal Musika Eskola bertara lekualdatu da, eraikinaren lehen pisura”. Bertan izan da Berriatuko Tarine Musika Eskola klaseak ematen dituena, Markina-Xemeingo Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker. Gaur egun, 125 ikasle ditu eskolak, “horien artean batzuk materia bat baino gehiagotan matrikulatuta, eta guztira 187ra heltzen da matrikulazio kopurua. Irakasle kopuruari dagokionez, 13 irakasle ari dira lanean, horietako 5 markina-xemeindarrak”. - I. Fradua