Bermeo - Bermeoko Udalak, Go- tzon Garitaonaindia euskaltegiak eta AEK-k urtero elkarlanean antolatzen dituzten guraso eta etorkinei zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago. Gainera, 2019-2020 ikasturteko matrikulazio kanpaina ere abian da dagoeneko. Hala eman zuten jakitera atzo Bermeoko alkate Aritz Abaroak, Euskara Saileko teknikari Maite Alvarezek, AEK euskaltegiko eskualdeko koordinatzaile Ira- tze Garmendiak, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Leire Iñigok eta Hizkuntza Eskolako zuzendari Miren Unzuetak.

Gurasoei zuzendutako ikastaroen helburua familia bidezko transmisioa bermatzea da eta baita euskara ikasteko erraztasunak ematea. Helburu hauek lortzeko, AEK-ko euskaltegiak eta Bermeoko Udalak urteak daramatzate elkarlanean oso emaitza onak lortuta. Ikastaro hauek 120 orduko iraupena eta 20 euroko prezioa izango dute, AEK-ko euskaltegietako eskualdeko koordinatzaile Iratze Garmendiak esan zuenez.

Aurkeztutako bigarren euskara ikastaroa etorkinei zuzendutakoa izan zen. Ikastaro hau Bermeoko Udalaren eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren arteko elkarlanaren fruitua da eta bere helburu nagusia etorkinei euskara ikasteko aukera ematea da, integrazio errazago bat izan dezaten. Honek ere 120 orduko iraupena izango du baina merkeagoa izango da, izan ere, 10 euroko prezioa izango du, ikas-materiala kontutan hartu gabe. Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABE-k garatutako Aisa metodologiaren bitartez, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Leire Iñigok adierazi zuenez. Euskaltegi bien arabera, bi ikastaroek emai- tza oso onak izan dituzte aurreko urteetan. Hori da ikasleek adierazten dietena.

Matrikulazioa Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnek, izan ere, HABEk, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula-gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten.

Hizkuntza Eskolaren ikasturterako matrikulazio kanpainaren epea irailaren 17ra arte izango da. AEKrena, 30era arte; eta Gotzon Garitaonaindian apuntatzeko irailaren 30ean baino lehen eman behar da izena. - DEIA