Gernika-Lumo - Iazko Gabonetako bederatziurrenean hasi ziran lehen grabaketak, baina egunotan burubelarri ari dira. Gernika-Lumoko marijesien ohitura “proiektu multimedia” bilakatuko da aurten. Liburua eta dokumentala argitaratuko dute ahoz aho transmititutako ohituraren ezagutzak” hobera egin dezan. Artxiboak arakatuta eta kamara aurrean testigantzak jasota, “marijesiak zer diren” plazaratzea da helburu nagusia.

Gernika-Lumoko ikur nabarmanetarikoa, “marijesiak den ondare immaterialari balioa eman gura diogu, teknologia barrien bidez iragana eta oraina batuta geroa jagoteko, hurrengo belaunaldiak balio hori eureganatu dezaten”, zehaztu dute marijesiak batzen dituen elkartetik, “beti ere berdintasunaren aldeko jarduera modelikoa kontuan izanda”. Izan ere iragan den urtean izan zen lehen aldiz emakume bakarlari bat -Ane Miren Arejita- eta emakumeen parte har-tzea goraka doa urtero urtero, “gaur egun %50etik gora igo dena”. Ikuspuntu etnografikoa ere jorratuko dute, kantuak eta koplak batu, bederatziurrenen emozioa islatu, ondarearen trasmisioan eragin... Lan eskerga dute egiteko, baina lanak hasiak izanik, Marijesiak XXI. mendean: Gernikako marijesiak 4:00 Bederatzi gau hotzetan proiektua abian da.

Proiektu multimedia honen bidez “entzutezko erregistro aktuala sortu nahi da, beti be teknologia barriak kontuan hartuta. Ganera, oraingo koplak argitaratu nahi dira, azalpen eta guzti, bide batez”. Orain arte ez da horrelakorik egin. Badira bi grabaketa eginak, baina tankera honetako proiektuan lehenengoz murgildu dira gernikarrak. “Erregistro sonoroetan, gaur-gaurko erregistroaren falta nabarmena dago. 2008aren aurretik egindako grabazino bi dagoz: bata historikoa, 1967koa, bestea 2001ean egindakoa baina oraingoaren isla emoten ez duena”.

Aurten argitaratu izan litekeen dokumentalaren bidez “Gernikako Marijesien iragana eta oraina, batu nahi da. Gainera web orria sortu behar da, bertan be materiala sartu eta gizartearen eskura eukiteko”, azaldu dutenez. Oier Plaza izango da zuzendari eta bakarlari lanak egiten dituen Iñaki Gonzalez Abadia gidoiaz arduratuko da, koordinazio lanekin batera, marijesiekin batera lankidetzan. Iraupena ere zehazteke dago, baina 45 edo 50 minututako ikusentzunezko pieza izango dela aurreratu dute. Testigantzek espazio nabaria izango dute. “Marijesiak azalduko dabez bizi izandako esperientziagaitik, edo urteen urteakaz ikasi dutenagaitik”, asko gazteak izango direlarik.

Marijesiak azaldutakoaren arabera, idatziz ere”formatu bi garatu nahi dira: bata, zabalkunderako liburutxua -hiru hizkuntzatan, grabazinoa eta dokumentalagaz batera banatutekoa-; bestea, ikerketaren ondoko liburua, mardulagoa eta argitaratu bako dokumentazinoagaz. Bigarren hau, hurrengo urtean -2020an- argitaratuteko izango litzateke, eta beraz eskaera honetatik kanpora geratzen da”.