Markina-Xemein - Hamar proiektu ditu eskutartean, esparru desberdinetan garatzen diharduenak. Baina Leartiker zentro teknologikoak badu egitasmo berezi baten gaineko gidaritza, beste hainbat europar erakunderekin elkarlanean. Circular Seas izenburupean, itsasoko hondakin plastikoen berrerabilerara begirako estrategiak aurkitzea du helburu Markina-Xemeinen kokatutako Leartikerrek, 3D printing delako teknologia erabilita.

“Diagnosi-lana burutu, hondakin horien batze aukerak definitu, balorizaziorako teknologia desberdinen azterketa egin eta itsasoarekin erlazioa duten produktu berritzaileak sortu, 3D printing teknologiaren bitartez” dira Lea-Artibain kokatutako erakundeak bere gain hartu dituen zereginak. Hala ere, bidelagun izango ditu Azaro Fundazioa, Université de la Rochelle eta Communauté d’Agglomération de La Rochelle (Frantzia), Universidad de Vigo (Galiza), University of Plymouth (Britainia Handia), Cork Institute of Technology (Irlanda), Instituto Politécnico de Leiria (Portugal) eta Ondarroko OPPAO eta Eskola Nautikoa. “Halere, proiektuan bazkide interesatuak bezala hauek egongo dira: Hazi Fundazioa eta Syndicat Mixte Port de Pêche La Rochelle Chef de Baie. Horiek, europar ekimen honetan egingo diren bileretan eta ekintza ba-tzuetan parte hartuko dute”, gaineratu dutenez. Guztiek egin dute bat Interreg Atlantic Area delako programaren bitartez, Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatutakoa dena.

Hamaika sektore Proiektua “3D printing teknologia fabrikazio gehigarriaren teknologian” datzala gaineratu dute. Teknologia honetan “gero eta sektore gehiago daude interesatuak, hainbat abantaila baitituzte”. Horien artean dira osasun-sektorea, aeroespaziala eta kontsumo-ondasunarena, “aurrerapen handienak” dituztenak direlarik. “Baina badaude beste batzuk ere honen onurak aprobetxatzen ari direnak; esaterako, automobilgintza, robotika edo diseinua”. Fabrikazio gehigarriaren sektorea goraka doala nabarmendu dute Leartikerreko arduradunek, izan ere “%21eko hazkundea izan zuen pasa den urtean, eta negozioa 6.300 milio euro baino gehiagotan ezarri zen. Hala ere, negozioa 16.000 milioi eurora iritsiko dela aurreikusten da, 2021 urtean”.