kostaldea

Bermeok lore azoka berezia ospatuko du ekainaren 1ean

09.02.2020 | 03:55
Lore Azoka bereia antolatu du udaletxeak, herriko hainbat elkarte eta dendarekin elkarlanean.

BILBO. Bermeok lore azoka berezia ospatuko du ekainaren 1ean. Azokan udalak eta herriko  hainbat elkarte eta denda parte hartzen dute. Azoka goiko Plazan izango da eta 1.000 lore inguru erabiliko dira. Ekainaren 1ean lore erakusketa, azokatxoa, gozoak, musika eta margo lehiaketaren sari banaketa egingo dira.

Egun horretan, kioskoa, Bermeoko Udaletxea eta hainbat etxebizitza lorez beteko dira, Alde Zaharrean dagoen Goiko plazari bizia, kolorea eta irudi benetan ederra emateko.

"Benetan ikusgarria izango da eta jadanik hasi dira loreak jartzeko lanak", adierazi dute antolatzaileek gaur egindako prentsaurrekoan. Bertan egon dira Irune Ormaetxea, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotzia; Santi Murua, Berualako zuzendaria; Susana Regidor, Kulturako teknikaria; Nere Mintegi, Behargintzako zuzendaria, eta Bego Gangoiti, Bermeoko Turismo arduraduna.

Era berean, ekimen honetan parte hartzen duten elkarteen ordezkariak izan dira prentsaurrekoan: Peña Barrueta Arte elkartea, 'Haitz Nagusije' auzo elkartea, Gaztelugatxe gozotegia, T-Kimua, Kuku Enea, Uhaina surf & art, Katokale trebetasun jokoak eta, zelan ez, Bermeoko loradendak: Flores Lourdes, Murueta lorategia eta Aintzane loradenda.

Goiko plaza edertzeko hainbat mota eta koloretako lorak jarriko dira: surfiniak, 'boj' motako zuhaixkak, marrubi landareak? "Emaitza izugarria da eta jadanik ikus daiteke", adierazi dute.

Lore azoka berezia 10:00etatik 15:00etara izango da eta horren barne hainbat ekimen ospatuko dira; besteak beste, lore erakusketa eta lore azokatxoa, bertan herriko loradendek euren postu politak jarriko baitituzte. Gainera, Aintzane loradendak umeentzako tailerrak eskainiko ditu plastikozko botiletan landareak landatzeko aholkuak emanez eta horrela birziklapena bultzatuz.

Produktu berezien eskaintza

Era berean, produktu bereziak eskainiko dituzten postu ezberdinak izango ditugu lore azoka berezian. Ildo horretan, Gaztelugatxe gozotegiko eta T-kimua dendako gozoak, pastelak, kafea, tea edota txokolatea, besteak beste, dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratutakoek.

Halaber, Uhaina surf & art dendak eskuz egindako arropa eta moda jasangarria ikusi eta eskuratzeko aukera egongo da eta baita ere Kuku Enearen jostailu bereziak. Horrez gain, ume zein nagusiek Katokale trebetasun jokoak eskainiko dituen pista jokoekin gozatzeko aukera izango dute Lora azoka berezi honetan.

Era berean, Rosa Mari Gabantxok, Peña Barrueta elkarteko kideak, adierazi duenez, eskoletako umeek Alde Zaharrari buruz egin dituzten marrazki onenen erakusketa ikusteko aukera izango dugu eta, 13:30ean, sari banaketa ekitaldia izango da. Lehiaketa hori Peña Barrueta Arte elkarteak antolatu du. Horrez gain, Alde Zaharreko dendetan Peña Barrueta elkarteak erakutsitako arte lanei buruzko fitxategiak bete dituztenen artean ere opari txikiak banatuko dira

"Lore azoka laugarren urtez antolatzen da eta bere helburua da Alde Zaharra kolorez eta biziz janztea, Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko eta guztiok berarekin gozatzeko", adierazi dute.

Beraz, antolatzaileen esanetan, ekainaren 1ean, zapatuan, "giro ezin hobea izango dugu Bermeoko Alde Zaharrean eta lorak, gozoak eta gauza bitxiak ikusteko eta erosteko eta musika eta beste ekimen batzuekin gozatzeko aukera izango dugu". "Hortaz, herritar guztiak ekainaren 1ean, zapatuan, Goiko plazara gonbidatu nahi ditugu", azpimarratu du.