ZURRITE garai honetan, osasun-agintaritza etengabe gogorarazten ari da garbitasunak daukan garrantzia covid-19 birusak daukan kutsaketa arrisku handiaren aurrean. Hainbat izan dira hau ekiditeko hartu diren segurtasun-neurriak eta, aspektu honetan, Laukizeko brigadako langileek oso paper garrantzitsua jokatu dute azken hilabeteetan. “Martxoan izurritea hasi zenetik, oso hilabete mugituak izan dira guretzako, izan ere, mota askotako lanak egin behar izan ditugu herritarren segurtasuna bermatzeko posible izan den neurrian. Desinfekzio lanean aritu gara, bizitza galdu dutenen hiletak kontrolatzen ere… Azken finean, koronabirusa eguneroko aktibitatean edozein une eta tokitan topatu daiteke, baina gure helburua honen hedapena ahal den mailan moztea izan da”, adierazi zuen José Manuel Atutxak, Laukizeko brigadako langileetako batek.

Bere arabera, apirila izan zen izurritea hasi zenetik hilabete gogorrena, garai hartan giza galera gehieneak pilatu zirelako eta “azken finean, brigadako kide izanda, herritarren sufrimendua hurbiletik sentitzen duzulako”. Zorionez, gaur egungo egoera oso modu nabarmenean hobetu da udaberrian egon zenarekin alderatuta, baina, Atutxaren esanetan, badirudi hau oraindik ere luzerako doa hau: “Egia da orain lasaiago ari garela lanean, baina honek ez du esan nahi oso erne ez gaudenik. Guztiontzako egoera berri bat izan da hau eta etengabeko aldaketak pairatzen dituen egoera bat da, horregatik, gertatu daitekeenaren aurrean prest egon behar gara”.

Kaleen desinfekzio lanen areagotzea Laukizeko Udalak hartu zituen aurreneko neurrietako bat izan zen eta, arlo honetan, berebiziko papera jokatu zuten herriko brigadako kideek euren makinaria erabilita herriko kaleak garbitzen. Arlo honetan eta beste askotan egindako lan garrantzitsua dela eta, izurritearen aurreko ezinbesteko armarria bilakatu da sektore hau eta, horregatik, Laboral Kutxa DEIA Hemendik Saria jaso zuen Mungiako Torrebillela dorretxean irailaren 24ean ospatu zen jaialdian. José Manuel Atutxak oso esker onez jaso zuen aurtengo saria: “Azkenean, hilabete gogor hauetan egin dugun lan garrantzitsuaren aintzatespen bezala ikusten dugu sari hau, horregatik oso eskertuta gaude Udal eta DEIArekin. Honek koronabirusaren aurka borrokan jarraitzeko indarrak berritu dizkigu eta Laukizko herritarrak ziur egon daitezke lanean jarraituko dugularen inguruan”.

Horrenbestez, argi dago koronabirusak Laukizen izan ditzakeen agerraldi berrien aurrean erantzun ona izan ahal izateko erne mantentzen ari direla herriko brigadako kideak. Nahiz eta izurritearen aurkako borroka honetan hainbat diren faktore eragileak eta etengabeko ikasketa prozesu bat den, Bizkaiako herri desberdinetako sektore desberdinen laguntzak lana asko errezten du. Horregatik, ziurra da Laukizeko biztanleriak herriko brigadarekiko oso esker ona daukala, bertoko kaleak desinfektatze lan garrantzitsuagatik, beste gauza askoren artean.