EGIAK malkoz josita jaso zuen Mercedes Bocosek, Zamudioko Truiondo egoitzako zuzendariak, Igotz López alkateak emandako Hemendik Sariak. Ikur horrek, azken hilabeteetan zehar egindako lan gogorrarekiko esker ona suposatzen zuen eta honek sekulako zirrara sorrarazi zuen Zamudio Torren elkartu ziren pertsonen artean. Covid-19ak eragindako pandemiak gizartea oso modu bortitzean astindu du arlo desberdinetan, baina pertsona nagusien munduan batez ere, izan ere, eurak dira gaixotasunaren aurrean arrisku gehiago izan dezaketen taldea. Horregatik, oso gogorra da adintsuen egoitzatan azken hilabeteetan bizitzen ari diren egoera, etengabeko ikasketa prozesu baten bidez oasun-agintaritzetatik bidaltzen zituzten argibideak jarraituta. "Martxotik oso denboraldi gogorra igarotzen aritu gara. Oso zaila izan da langile eta erabiltzaileentzako, baina, zorionez, gutxinaka gutxinaka giroa lasaituz doa, nahiz eta oraindik ere arreta osoz ari garen lanean", aitortu zuen Carlos Ibáñez-ek, Truiondo egoitzako kudeatzaileak. Berak aipatu bezala, izurriteak azken asteetan izan duen garapena baikorra izaten ari dela kontuan izanda, erabiltzaileen familiek bisitak izan ahal izatea ahalbidetu dute, beti ere oso segurtasun neurri zorrotzak mantenduta erabiltzaile zein bisitarien osasuna bermatzeko.

Hainbesteko lan eta esfortsua egin ostean, oso esker honez jaso zuten egoitzako langileek Hemendik Saria, izan ere, eurentzako oso hunkigarria izan da egindako lanarekiko eskerra jasotzea: "Askotan badirudi nagusien egoitzatan berri txarrak bakarrik daudela eta honelako batek oso alaitasun handia suposatzen du guretzako. Oso modu polita da jendeak gure sektorean egiten den lan garrantzitsua ezagutzeko.

Pertsona erabiltzaileek ere asko sentitu dute euren egunerokotasunean koronabirusaren izurritea. Nahiz eta gaixotasun honen ondoriozko inongo galera eta ospitaleratzerarik jasan ez duten, guztiz aldatu dira luzean zehar euren egunak. Bisitak jasotzearen ezintasuna oso gogorra izan da kasu askotan, baina, zorionez, bertoko langileek baliabide desberdinak erabilita ahalbidetu dute euren familien arteko komunikazioa, bideodeiak bezalako tresnak erabilita. Beste alde batetik, Truiondo egoitzan aisialdirako baliabide ugari izaten ari dira, tailer desberdinak eginda, ariketak, film klasikoen erreprodukzioak, baina, lehen aipatu bezala, segurtasun neurri zorrotzak erabilita, noski. Hilabete hasieran Iñaki Basabe ere bertan izan zen, erabiltzaileak bere bilbainadak abestuta liluratuta utzita.

Horrenbestez, argi dago guztiz jarrera eredugarria mantendu dutela bertoko langile, erabiltzaile eta bisitariak, izan ere, izurrite hasieran birusa egoitzatik kanpo uztea lortu zuten. Egia da, abuztuan zenbait kasu izan zirela, baina, zorionez, denak sintomarik gabekoak. Kontuak kontu, argi dago Carlos Ibáñezek azaldutakoaren arabera, bertoko langileak etengabeko ikaskuntza prozesuan jarraitzen dutela, gaixotasunaren hedapenak izan dezakeen eboluzoaren aurre egiteko tente eta prest. Gerentearen arabera, Hemendik Saria jasotzeak indaberritze nabarmena suposatu du langile eta erabiltzaileentzat, asko lagunduta eguneroko jardueran.