ITSASO bare zein olatu oldar, arrantzaleak Kantauri zabalera ateratzen dira bere onena emateko. Badira hainbat eragile ere, arrantzaleen antzera, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko norabide aproposean eragiten dutenak, egunero. Eskualdeko bietako 73.000 biztanleek, bada, traineru bakarra eratzen dute. Baina edozein traineruk behar ditu patroi onak. Eta atzo hamar “patroiri” saria eman zieten XII. Laboral Kutxa DEIA Hemendik Sarietan, Alain Salterain kazetaria gidari izan zuen ekitaldian.

Non izan behar eta Bermeon, Arrantzaleen Museoan, atzokoan sari banaketaren anfitrioi izan zen Aritz Abaroa herriko alkatea. Sarituek eskualdeko bien ongizatearen alde egin duten apostua nabarmendu zuen, “ereindutako haziak fruitua ematen duela” irudikatzen dutelako. Bertaratuentzako ere bere esker ona agertu zuen DEIAko zuzendari Iñaki Gonzalezek, “zuek baitzarete eskualdearen eragile. Eta protagonista”.

Lehen sarituak, bere eskualdeak bezala, tradizioan oinarritutako berrikuntza lantzen du: Jose Pablo Arriaga artista markinarra izan zen. Benetan eskertu zuen, “nitaz gogoratzeagatik”. Arrantzaleen antzera, folklore munduan badu Bermeok bere enbaxadore bat: Alkartasuna Dantza Taldea. Eta urte luzez egindako lanagatik, eta “bere etorkizun oparoagatik”, eman zitzaien oroigarria. Kostaldetik lehorrera, beste sarituetako bat Radio Gernika, Onda Vasca eta Oizmendi Telebistan aritutako Jose Antonio Uriarte Itxaso komunikatzailea izan zen. Oraintsu erretiroa hartuta, egindako lanaren ordain modura jaso zuen aipamen. Eta joan etorria eginda, Magurios motor jardunaldiak eta Bermeon egiten dutuzten ekimenei esker onaz, Izaro Bikers taldeko Juan Carlos Martinezek, Emilio Uriartek, Aitor Lekuek, Jon Ortuondok, Zigor Sasiainek, Nekane Laiunok eta Esther Rodriguezek jaso zuten. Bi gurpilean aritzen den eskualdeko beste pertsona bat omentzeko tartea heldu zen orduantxe, Giroan bi garaipen lortutako Pello Bilbao txirrindulariari. Etorkizunaz mintzo zen gernikarra, datorren denboraldiko erronkez.

Txirrindu zein pelota, Gernika-Lumok biak ditu kirol maite. Eta elkarte bat ere: Arkupe Pelota Taldea. Eta hontan buru aritu izan da, “eta behar izan nauten edozein postutan”, Jesus Manuel Madariagaa presidente izandakoa.”Nirekin batera aritu diren guztiekin” partekatu zuen saria. Eskualdea utzi barik, bada mundakarrek kutun duten erakunde bat. Mende erdi baino gehiagoko lana eskertu zitzaion. Geure Etxea egotetxea da berau. Azkenik, lekeitiarren ordua heldu zen: lehendabizi, Nagusilan elkartearekin -Libe Plaza, Luis Mari Plaza, Javier Txakartegi, Maria Dolores Berra eta Itziar Laka- eta ostean, aurten 150 urte bete dituen Uribarren Abaroa Fundazioarekin. Erakundearen patronatuaren ordezkari diren Peru Ibañez de Aldekoak eta Lekeitioko alkate ere baden Koldo Goitiak hartu zuten oroitarria. Eta itsasoa erreferentzia izan zuen sariketan, nola ahaztu arrantza sektorean mundu zabalean aritzen diren bermeotarrak. Alakranaren bahiketaren hamargarren urteurrenean, atunari izoztaileek omenaldia jaso zuten. Pevasako Xabier Urrutia, Echebastareko Oskar Baraiazarra, eta Anabac elkarteko Anertz Muniategi izan ziren bertan. Arrantzaleen Museoan egindako sari banaketan hainbat erakundeetako ordezkari batu ziren, tartean Gizarte Ekintzako Foru Diputatu Sergio Murillo, baita DEIAko Kike Hermosilla, Ana Rementeria eta Joana Perez.