Hasi egin da dagoeneko Sestaoko Udala Klimaren eta Energia Jasangarriaren Ekintza Plana lantzen.

Sestaoko Udala 2020. urtearen amaieran atxiki zitzaion Klima eta Energiarako Europar Batasuneko Alkateen Itunari. Herri-administrazioek bultzatutako mugimendu horrek, planetaren ingurumen-hondatzea geldiarazteko xedeaz, berotegi-efektuko isurketak murrizten laguntzeko konpromiso sendoak bildu ditu.

Behin proiektu honetan parte hartzea formalizatuta, zehatutako helburuak lortze aldera, udalerri bakoitzak bere plangintza antolatu behar du. Horretarako, une honetan lanean diharduen lantalde bat osatu du Udalak. Taldearen zeregina Sestaoko Klimaren eta Energia Jasangarriaren Ekintza Plana (PACES) idaztea da. Bertan udalerriaren egungo egoeraren diagnostiko bat jasoko da, oinarri izango dena hurrengo fase batean hartu beharreko neurri zehatzak bilduko dituen ekintza-plana garatzeko.

Udalerriaren azterlanak murrizte- eta egokitzapen-eremuak aztertuko ditu, Europar Batasunak 2030erako ezarritako helburuak betetzen lagunduko duten zenbait ekintza biltze aldera. Murriztearen eremuko neurriak udalerriaren CO2 isuriak gutxienez % 40 gutxitzera bideratuko dira, 2005. urtearekin alderatuta, urte hori hartzen baita oinarritzat sektore hauetan:

  • Udala: eraikinak, ekipamendua eta instalazioak, argiteria publikoa eta udal-ibilgailuak.
  • B?izitokiak: etxebizitza, batez ere.
  • Etxeko hondakinak.
  • Garraioa.

Bestetik, egokitzapen-eremuaren helburua izango da klima-aldaketak udalerrian izan ditzakeen ebidentzia posibleak ebaluatzea eta egon daitezkeen arrisku eta kalteberatasunen balantzea egitea. Balorazio hori Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC, ingelesezko siglak) agertokien arabera egingo da egokitzapenerako udal-estrategia bat egiteko, lehentasunezko ekintza-neurriak zehaztu eta horien balorazio ekonomikoa egingo dituena.

Plan horrek balio izango du helburuak, irizpideak, aplikazio-eremuak eta ekintzak zehazteko, klima-aldaketak sektore ekonomiko askotan, osasunean, ekosistemetan eta, oro har, Sestaoako gizartean eragin ditzakeen kalteak aurreikusi eta murriztu daitezen.

Zirriborroa osatzeko, udalerriko herritar guztiek eta zeharkako sektore eta eragileek ere hartuko dute parte. Testuinguru horretan, planak partaidetza- eta komunikazio-prozesu bat izango du; batetik, gizartea erronka horren aurrean sentsibilizatzeko eta, bestetik, gardentasuna eta lankidetza areagotuz, udalerriaren errealitate sozial eta ekonomikoari erantzungo dion dokumentu bat egituratzeko.

Hori horrela, Global Factor aholkularitza-enpresaren laguntzarekin garatuko diren plan hori eta diagnostiko-txostenak tresna izango dira datozen urteetan Sestaoko sektore guztiek klima-arloko erabakiak hartzea eta egokitzea errazteko. Ekintza-plana udazken honetarako amaituta egotea espero da.

ITUNA ETA HERRITARREN AHOTSA KLIMA-ALDAKETAREN AURREAN

2009. urtean, Europako Parlamentuan sinatutako Alkateen Itunaren bidez, Europa osoko 350 hiri baino gehiagok konpromisoa hartu zuten Batasunaren energia-helburuetatik harago joateko. Europako Batzordearen ekimen honekin, Eskualdeetako Lantaldearekin lankidetzan, 60 milioi herritar baino gehiagoren ordezkariek elkarrekin lan egin nahi dute ekintza-planak garatu eta inbertsioak egiteko klima-aldaketaren ondorioak arintze aldera.

Hori dela eta, nabarmendu behar da ekimen honek barruan hartzen duela gizarteak lurraldean parte hartzeko prozesu garrantzitsu bat. Izan ere, Itunaren erabakiek eta konpromisoek Udaleko teknikarien eta politikarien eta herritarren ekarpenak jaso beharko dituzte.