Santurtziko Udalak ezohiko diru-laguntza eman die kirol-klubei koronabirusaren pandemiaren ondorioak arintzeko. Udalak jakinarazi duenez, Santurtziko Udaleko Auzo Elkarteen Erregistroan eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kirol Elkarteen Erregistroan izena emanda dauden kirol-klubek eta irabazi-asmorik gabeko beste kirol-erakunde pribatu batzuek jaso dituzte laguntzak. Era berean, laguntza horietarako aurrekontu-zuzkidura 50.000 eurokoa izan da, guztira, udal-kutxetatik. Hala ere, "jaso beharreko zenbatekoaren gehieneko muga 2019ko ekitaldian jasotako gehieneko zenbatekoa da, 2021eko ekitaldian jasotakoa kenduta".

COVID19ak udaleko kirol-erakundeen funtzionamenduan eragin dituen kalteen jakitun izanik, Santurtziko Udalak hainbat motatako ezohiko eta premiazko neurriak hartu ditu, “jarduera eta baliabide ekonomikoak murriztu behar izan dituztenen artean elkarte- eta kirol-sarean ahalik eta eragin txikiena izateko; izan ere, hirugarrenei ordaintzeko konpromisoei aurre egin behar izan diete”, adierazi du Danel Bringas Kirol zinegotziak prentsaurrekoan. Horrela, “kontua da osasun- eta gizarte-krisiaren eragina txikitzeko neurriak hartzea eta klubetan sortu diren premiei erantzutea, ezohiko diru-laguntzen lerro berri batekin, 50.000 euroko zenbatekoarekin”.

Gaur egungo egoeran, gizarte-, kultura- edo kirol-erakunde ugarik aurre egin behar diote diru faltari edo COVID-19ak eragindako bestelako kalteei, alarma-egoeraren eta ordutik hartutako neurrien ondorioz, “beraz, ezohiko neurria da, eta tramitazioan arintzen saiatu gara, klubei arnasa eman ahal izateko”.

Laguntza horien helburua izan da COVID-19aren hedapenak ekarri dituen kalteek eragindako udalerriko kirol-kluben eta -elkarteen jarduerari eustea, pandemia horrek eragindako osasun-krisiaren aurka borrokatzeko etengabeko neurriek sortu dituzten ondorio ekonomiko negatiboen aurrean euskarri-neurri gisa, eta Santurtziko udalerrian kirol-jarduera suspertzea sustatzea.