Portugaleteko Udalak aste honetan aurkeztu ditu Gazteriaren Udal Zerbitzuen eredu berria eta SALTO! Prozesu parte-hartzailearen ondorioz sortutako irudi korporatibo berria. Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, "2019tik 2020ra bitartean garatu zen, eta 2021ean barne lan tekniko batekin jarraitu zuen antolaketa eta funtzionamendu-eredu berria zehazteko".

Txema Ezkerra alkateorde eta Gazteria zinegotziak azaldu du “proposamen berriak bere lan-ildoen artean, besteak beste, gazteei eskaintza emateko eragile bat izatetik haientzako erreferentzia-gune eta erraztailea izatera pasatu nahi duela. Hau da, espazio bat izango da, gazteek beren proiektuak garatzekoa, teknikarien laguntzaz eta zerbitzuak eskura ematen dituen bitartekoak baliatuta. Dinamikoagoak eta proaktiboagoak izan nahi dugu eskaintzan ez ezik gazteekiko eta gazteen kolektiboekiko harremanak sortzeko gaitasunean ere. Horiek horrela, haiekiko elkarlanean ekimen, zerbitzu edo jarduera berriak elkarrekin sortuko ditugu”.

Azken batean, Portugaleteko gazteen garapen integrala sustatzen lagunduko duen udalzerbitzu publikoa izango da, laguntza teknikoa, ezagutzak, harreman-sareak, baliabideak eta informazio- eta finantzaketa-iturriak bilatuz, sustapen-, integrazio-, gizarteratze- eta garapen pertsonaleko beharrei erantzuteko, gazteek beren bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak eraikitzeaz gain, ekimenak eta ekintzak garatu ahal izan ditzaten.

Ezkerrak gaineratu du “ espiritua hori izanik, beste udal sail batzuekin zeharka lan egingo dugula. Era berean, gazteei zuzendutako beste eragile publiko eta pribatu batzuekin arituko gara”.

Irudi berriak kutsu berri, xume eta hurbila du. Gazteria hitzaren G-a baliatuta bost zerbitzu eta programa handietara egokituz joango da marrazkia; hots: “Egin” ekimenak sortu eta sustatzekoan, “Aisia” aisialdia eta kulturan, “Gida” orientabide, prestakuntza eta komunikazioan, “Europa” europar programei buruzko informazio eta orientabidean eta “Elkarteak” sarean lan egiteko eta gazteen elkarte eta kolektiboei laguntzeko programetan.

Laburbilduz, Gazteria Sailaren apostu berrian bost zerbitzu handi, ikastetxeekiko elkarlana, kalea eta gazteentzako tokiak izango ditugu. Horretaz gain, erreferentziako bi ekipamenduak aipatu behar ditugu, Gazte Gela bera eta Santa Klara kulturtegian diseinatzen ari den ekipamendu berria.

EGIN

Sormen- eta ekimen-programak Egin izena du; + zeinua hartuko du sormena, ekimena eta proiektu-batura adierazi nahian. Zeinua berde kolorekoa izango da, hauxe baita kolore bizi-bizia, gazteen hazkundeari, gazteei eta beraiek proiektua hazteko eta burutzeko jartzen duten energiari lotua.

Zerbitzu honek ekimen eta talentuen sustapena bultzatuko du gazteei beren proiektuak garatzen laguntzeko. Horretarako, orientabidea, komunikazioa eta laguntza ekonomikoa eskainiko ditu.

Programok izango ditu barnean: Ekinprest kultura ekintzailea sustatzekoa, Gazte Artea Ezkerraldea artista gazteei laguntza ematekoa eta Vértigo, Espacio Artemisaren lankidetzan artista gazteei laguntza eta ahalduntzea ematekoa.

Halaber, gazteentzako lan-poltsa bat osatuko dugu Gazte Gelan prestakuntzasaioak, tailerrak eta jarduerak eman nahi dituzten gaztez osatua.

AISIA

Aisialdiari lotutako programak Aisia izena du. Irudia puzzle pieza bat da, jolasa irudikatu nahian, dibertimendua eraikitzeko zerbait handiago horri lotua, hain zuzen ere.

Piezarako kolore arrosa hautatu dugu, zeren eta, adeitasunarekin, ametsekin, gozamenarekin eta poztasunarekin erlazionatzen baitugu.

Zerbitzu honen barruak hauexek eskainiko ditugu: tailerrak, txangoak, lehiaketak, ikuskizunak, ginkanak, jarduera bereziak eta ludoteka.

GIDA

Gazte-informazioaren programa ordezteko orientabide-, prestakuntza- eta komunikazio-programa dugu. Gida izena izango du eta bineten ogitartekoaren ikurrekoa izango da. Lila kolorea izango du, beti emozioei, adikortasunari eta enpatiari loturik egon baita. Ezaugarriok oinarrizkoak dira komunikazio on baterako.

Programa honetan arreta- eta orientabide-pertsonalizatuaren zerbitzuak egongo dira baita intereseko arlo anitzetako prestakuntza ere, hala nola enplegutasuna, ikasketetarako orientabidea eta bizitzarako ohitura eta trebetasun osasungarriak.

Gazteen intereseko gaiei buruzko informazio-buletinak (hezkuntza- eta lanbide-orientazioko programak) eta dibulgazio-pilulak ere izango ditugu.

EUROPA

Izarra, EBko banderako herrialde bakoitzeko irudi ordezkagarria, europar programak identifikatzeko ikurra izango da. Europako Batasuneko banderaren kolore bereizgarria eramango du, hots: urdina. Kolore honek baretasuna, bakea eta elkarren ulermena adierazten ditu.

Programa honetan europar programei buruzko informazio eta orientabidea eskainiko du, besteak beste, erasmus + programaz, nazioarteko boluntariotzaz eta mugikortasun profesionalaz.

ELKARTEAK

Kateak elkarteei zuzendutako laguntza-programak irudikatuko ditu. Izan ere, zerbait handia, gogorra, erabilgarria eta iraunkorra sortzeko elementu askotarikoen lotura irudikatzen du.

Hautatutako kolorea laranja da, jendetasunaren eta hurbiltasunaren ikurra, hain zuzen.

Programa honetan gazteriaren eragileekiko sareko lana egingo da. Interes eta beharrizan komunak dituzten gazte-topaketak egingo dira eta taldeei eta kolektiboei lagunduko zaie beren jarduerak garatzen edota elkarte gisara eratzen direnean.