Euskararen ezagutza gorantza doa poliki-poliki Euskal Herrian baina, zoritxarrez, euskal hizkuntzaren ezagutza tasa eta erabilera tasa ez doaz bat. Azken datuen arabera, gero eta jende gehiagok euskaraz jakin arren, euskararen erabilera nabarmen murrizten ari da azken urteetan. Gazteek, batez ere, euskaraz egiten dute berba eskolan eta jaigiroan, baina gizartearen beste esparruetan ia ez dira euskaraz mintzatzen. Egoera honi aurre egiteko eta buelta emateko asmoz, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, AEK eta Barakaldoko Udala elkarlanean hasi dira Damolat proiektuan. Egitasmo honen helburua euskara gazteei gerturatzea da eta gazteriari zuzenki galdetuz, jakitea zergatik hain gutxi erabiltzen duten euskal hizkuntza euren eguneroko harremanetan. “Sarean lan egin behar dugu gaur egungo egoerari eraldaketa sakon bat emateko”, adierazi zuen Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordeak.Zentzu honetan, orain arte Damolat programan landutako guztia egongo da ikusgai abenduaren 2an, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, non antolatuko dira Igo Bolumena! jardunaldiak. Saio horretan publikoki aurkeztuko da Damolat programa eta gazteek euskarazko kulturarekiko duten harremanari buruz hausnarketa sakon bat egingo da. Jardunaldi honetan zenbait jakintza gaietako adituk parte hartuko dute denen artean euskararen erabilera bultzatzeko biderik aproposena aurkitzeko asmoz. “Barakaldo aukeratu dugu Igo Bolumena! jardunaldia antolatzeko udalerri hau eredu bat delako eta gero eta euskaldun gehiago dagoelako”, adierazi zuen Naroa Jauregizuriak, proeiktuaren arduradunak. Jardunaldietan parte hartzeko izen emate epea azaroaren 26ra arte egongo da irekita eta proiektu hau arrakastatsua izatekotan, baliteke Igo Bolumena! motako beste jardunaldiak antolatzea Euskal Herriko beste eskualdetan.