Barakaldoko Udal Banda aforo gabeko Barakaldo Antzokira itzuliko da Udazkeneko Haizeak denboraldi berriarekin. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak denboraldi berri honen berri eman du Alberto García Espina Udal Musika Bandaren zuzendariarekin batera. ""Gaur esan dezakegu ilusioa berreskuratzen ari garela udazkeneko kanpaina honekin. Udazkeneko Haize hauekin eta antzokia berriro ere beteta ikusiz normaltasuna berreskuratzen ari garela sentitzen dugulako ilusioa.", jakinarazi du.

Denboraldi berriko lehen emanaldia urriaren 29an izango da, iluntzeko 20:00etan eta urtarrilaren 4ean bukatuko da ohiko Urte Berriko Kontzertuarekin. "Guztira, lau emanaldi desberdin eta erakargarri egongo dira, zalantzarik gabe gure udal musika bandaren profesionaltasunaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko digutenak" adierazi du alkateak.

"Urte eta erdi igaro ondoren, Udal Musika Bandaren kontzertuek normaltasuna berreskuratu dezakete. Eta egia esan, gaur prentsaurreko hau aprobetxatu nahi dut taldeko musikari guztiei eskerrak emateko: zuri Alberto, Gemari eta baita talde osoari ere, garai honetan izan duzuen jarreragatik. Zuen entsegu-lekua Clara Campoamorrera lekualdatu behar izan dugu, Covid-arekin modu seguruan entseatu ahal izan dezazuen; eszenatoki gaineko pertsona-kopurua murriztu behar izan duzue, eta kontzertuetan edukiera murriztu egin behar izan dugu kultura segurua programatzen jarraitu ahal izateko.

Udazkeneko Haizeak programazioa

  • Urriak 29 Erroma. Erromak, zibilizazioaren sorburuetako bat den horrek, beraien lanetan milaka urteko kulturarekiko miresmena eta grina islatzen duten autore ugari inspiratu ditu, eta horrela izaten jarraitzen du gaur egun ere. Rozsaren Ben-Hur, Van der Roosten Spartacus, Pinaren Pompeii eta Sparkeren Opor napoliarrak bezalako obra mitikoez gozatzeko aukera egongo da, Udazkeneko Haizeak programazioari ekiteko bidaia musikal ikusgarri batean.
  • Azaroak 26 Bikingoak. Lionel Beltrán-Cecilia konpositoreak Bikingoak lanaren bidez antzinako kultura horri omenaldia egiten dio horrenbeste musikaren, literaturaren eta arteren inspirazioa izateagatik. Willmersen Uda egun bat Norbegian lanak emango dio amaiera Europa iparraldeko musika-ibilaldi horri, kontzertu berezi horretan lagun izango ditugun elezaharrez beteriko paisaia osatuz.
  • Abenduak 10 Munduko musikak. Soinu-mundu desberdinak bisitatuko ditugu: musika-paisaia eklektikoak, Japoniako lorategiak, Ipar Amerikako musika koloniala, Afrikako eta Karibeko erritmoak, Irlandako aireak, Errusiako doinuak eta Ekialde Ertaineko kantuak ahaztu gabe. Munduko musikez gozatzeko aukera paregabea.
  • Urtarrilak 4 Urte Berriko Kontzertua. Polkak, martxak eta Vienako balsak urte berriari behar bezalako harrera egiteko balioko duen tradiziozko kontzertu honen unibertso musikalaren parte dira.