Sestaoko Udalak eta Katu CEStao elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute udalerriko katuen koloniak zaintzeko. Horren bidez, CES metodoa ezarriko da.

CES proiektuari esker, kaleko katuak hartu, antzutu eta askatzen dira pixkana aleen kopurua murrizteko. Helburua da kolonia egonkorrak eta kontrolatuak lortzea, kontrolik gabe ez ugaltzeko eta, bide batez, gainpopulaziorik ez egoteko. Modu horretan, animalien osasunerako arriskuak gutxituko dira, eta beren bizi-kalitatea hobetuko da.

Sinatutako hitzarmenak proiektua bultzatzeko alde bien konpromisoak ditu.

Udalak urtero Katu CEStao elkarteari dirulaguntza emango dio kaleko katu-kolonien kontrol-lanen eta CES metodoa aplikatzearen ondorioz gastuak estaltzeko. Horrez gain, horren esku jarriko du udal-lokal bat bildutako katuak zaintzeko.

Bestalde, Udalak katuak elikatu eta zaintzeko lanak egingo dituzten pertsona boluntarioei txartel batzuk emango dizkie, Udaltzaingoak, udal-funtzionarioek edo Sestaoko edozein herritarrek behar bezala identifikatzeko.

Katu CEStao elkarteak katuen koloniak antzemango ditu, pertsona boluntarioak kudeatzearekin batera. Gainera, bere zeregina da katuak elikatzea, koloniak mantentzea eta udalerriko albaitaritza-kliniketan CES metodoa aplikatzea. Azkenik, herritarrak kontzientziatzeko ekintzak sustatuko ditu programaren garrantzia azaltzeko.

Ainhoa Basabe Giza Baliabide, Hirigintza, Etxebizitza, Industria, Zerbitzu eta Ingurumen zinegotziak prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, hau kaleko katuen bizi-kalitatea hobetzeko ilusiozko etaparen hasiera da. Dena den, aldi berean, errespetua eskatu du bai katuen kolonietarako, bai beren denbora librea modu altruistan katuak zaintzera bideratuko duten boluntarioentzat.

Laura Bravo Katu CEStao elkarteko presidenteak adierazitakoari jarraikiz, une honetan dozena bat katu-kolonia dago udalerrian, eta zaintzeaz arduratzen da bederatzi pertsona boluntarioen talde bat. Funtzionamenduaren lehenengo asteetan hogei bat katu hartu dituzte. Batzuek gaixorik zeuden, eta albaitariaren laguntza behar izan dute.

Katu CEStao elkarteak boluntarioak trebatu ditu azaltzeko katuak nola elikatu behar dituzten, zer elikagai eman behar zaizkien, eta non jarri behar den elikagai hori. Elkarteak lehentasuna ematen dio katuak adoptatzeari, beraz, lanean diharduten denboran etxebizitza egonkorra lortu dute lau animaliarentzat.