SESTAO. Sestaoko Udalak 1.384.000 euro bideratu zuen iaz gizarte-zerbitzuen arloan koronabirusaren pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko. Honek esan nahi du gastua % 27 gehitu dela 2020an, 2019arekin alderatuta. Yosune Serapio zinegotziak urte "zaila" izan dela esan du, "gizarte nahiz lanaren eremuan izandako ondorioengatik".

Hala eta guztiz ere, Udalak oso ahalegin ekonomiko garrantzitsua egin du egoera hori arintzeko, eta helburua argia izan da, hain zuzen, inor atzean ez uztea”, azaldu du zinegotziak. Bere esanetan, guztira 1.427 laguntza eman dira gizarte-larrialdiko laguntzak eta aldizkakoak ez diren laguntza ekonomikoak direla bide.

Udal-konpromiso honi esker, “beste urte batez Udalak eskaera guztiei erantzun die, legezko baldintzak betez gero, eta Sestaoko familiarik ez da gelditu laguntza jaso gabe aurrekonturik eza dela eta”, erantsi du Gizarte Ekintzako ordezkariak.

2020. urtean Sestaoko Udalak gizarte-ezkutua sendotu behar izan du pandemiari aurre egiteko. Hazkuntza garrantzitsua izan du ere eskola jangeletara joateko eta liburuak nahiz eskola-materiala erosteko beka ekonomikoen laguntza-programak. Dirulaguntzaren ildo bakoitzean 171 beka onetsi ziren, aurreko ikasturtean baino berrogeita hamar gehiago, eta 168.000 euro erabili ziren ordaintzeko. Bestalde, aurrez aurreko eskola-jarduera martxoaren 13an eten zenez, jangelako laguntzak (40.000 euro) zuzenean ordaindu zitzaizkien familia adjudikaziodunei.

Etxean laguntzeko zerbitzuari eutsiz, Udalak 47.252 ordu eman zizkien guztira 236 erabiltzaileri, eta 1.481.000 euro gastatu zituen. Zerbitzuan alta eman zitzaien 32 pertsonari eta 43k utzi zuten hil, uko egin, egoitzan sartu eta beste arrazoi batzuen ondoren.

Taper Solidarioa programari dagokionez, joan den urtean 7.200 kilo janari banatu ziren, kontsumorako egoera ezin hobean, 33 bizikidetza-unitateren artean, beraz, guztira 87 pertsonara iritsi zen. Modu horretan, gainera, elikagaiak xahutzea saihestu zen.

Adinekoentzako zentroei erreparatuz, itxita egon ziren martxoaren 13tik abuztuaren 1era bitartean, osasun-gaiak zirela eta, eta, harrezkero, edukieran murrizteka garrantzitsuekin funtzionatzen dute. Noski, egoera horrek eragina izan du ohiko jardueran.

Inguruabar horietan, joan den urtean 82 alta izapidetu ziren, beraz, abenduaren 31n 4.498 bazkide zeuden, aurreko urtean baino 45 gutxiago. Podologiako zerbitzuak 803 zerbitzu egin zituen eta ile-apaindegiko taldeak 528. Gutxi gorabehera 2019ko ziten erdia da. Ez zen txango eta erakusketarik gauzatu, baina 62 ikastaro programatu ziren, osasun-neurriak errespetatuta, eta 752 pertsonak parte hartu zuten.

Gainera, 120 liburu erosi ziren liburutegietarako eta 50 film bideoteketarako. Zentroak itxiak egon ziren bitartean eta herritarren etxeko konfinamenduan zehar, langileak telefono-harremana izan zuten erabiltzaileekin, beren osasun egoera nahiz aldartea ezagutzeko eta aurrez aurreko zerbitzuekiko bestelako aukerak emateko.

Gizarte Zerbitzuek guztira 31 emakumeri eman zieten arreta, hau da, 2019an baino 7 gehiagori, indarkeria matxista jasan zutela salatu ondoren. Udalaren harrera-etxebizitza emakume batek erabili zuen ardurapeko lau adingaberekin.

Indarkeria matxistaren biktimak izateagatik edo egoera kalteberan egoteagatik emakumeentzako arreta psikologikoaren eta orientabide juridikoaren zerbitzuari dagokionez, Neba-Neba elkarteak kudeatzen du Udalarekin sinatutako hitzarmena dela bide, baina pandemiak asko mugatu ditu zerbitzua gauzatzeko aukerak. Nolanahi ere, aurrez aurreko arreta eta pertsonen arteko elkarrekintza funtsezkoak ziren. Nahiz eta une oro emakumeei telefono-aukera eman eta jarraipena egin zaien, 2019. urteko datuekin alderatuz gero, arreta gutxiago eman da: arreta psikologikoaren zerbitzuan 21 emakume eta arreta juridikoaren zerbitzuan 23.

Gauza bera gertatu zen gizartean eta hezkuntzan esku-hartzeko eta arreta psikosozialerako zerbitzuarekin. Zerbitzu horrek aurrez aurreko arreta eta erabiltzaileekin elkarrekintza eskatzen ditu. Ildo horri eutsiz, erabiltzaileekin telefono-harremana izan arren, 2020. urtean kasu gutxiagori eman zaie arreta.

Kaleratzeengatik kaltetutako pertsonentzako aholkularitza, artekaritza, doako justiziaren kudeaketa eta lege-defentsaren zerbitzua 2 pertsonak erabili zuten.

Mendekotasun-egoera edo arrisku hori duten pertsonak zaintzen dituzten zaindarien babes-zerbitzuak 32 erabiltzaile izan zituen banakako eta taldeko saioetan, eta 11 hitzaldi antolatu zituen gutxi gorabehera 230 partaiderekin.

Halaber, pandemiarengatik desgaitasuna duten pertsonen partaidetza eta gizarteratzea sustatzeko jarduerak murriztu dira. Horiek garatzeko Udalak AFISES elkartearekin hitzarmena du.

Adikzioak prebenitzeko programak bere jarduerarik gehiena telematikoki gauzatu zuen, eta irakurketa nahiz informazio interesgarriak partekatu ziren, online ikastaroak programatzearekin batera Udalaren webgunea erabiliz.

Azkenik, balantzea amaitzeko, joan den urtean gazteentzat online programez eta hezkidetza zein indarkeria prebenitzeko programaz gain, 16 jarduera antolatu ziren emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatze aldera. Emakumeen Ahalduntze Eskolako tailerretan eta prestakuntza feministan 115ek eman zuten izena, eta partaidetza handia izan zen Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a oroitzeko jardueretan.