BARAKALDO. Barakaldoko Udalak Eguzkiagirre kalean arrapala mekanikoak jartzeko lanen bigarren faseari emango dio hasiera. Udalak 1,5 milioi euroko aurrekontua bideratu du dagoeneko Zuhatzu-Arteagabeitia eta San Bizente auzoetako irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ahal izateko. Amaia del Campo alkateak lanak bisitatu ditu gaur goizean.

Zehazki, hiri sarbide mekaniko berri egingo dira, Ekonomia eta Arteagabeitia kaleen arteko tarteak dauzkan 190 metroak errazago zeharkatzeko. Hurrenez hurren, 33, 65 eta 26 metro luze dauzkate hiru arrapala-tarteek, eta gehienezko malda % 10ekoa da.

Lehenengoa, Ekonomia kaleko kirol pistaren aldamenean jarriko dute, eta beste biak, berriz, Ekonomia eta Arteagabeitia kaleen artean. Tarte hori da, hain zuzen ere, aldatu dutena, espaloietan aldatu baitute arrapalen antolaera, etxebizitzetatik ahalik eta gehien aldenduz. "Alegia, arrapala mekanikoak gaur egun espaloiak dauden lekutik igaroko dira, eta ondoren, oinezkoentzako tarte bat eta lorategi bat egingo dituzte etxebizitzetako fatxaden aldamenetan", azaldu du Del Campok.

Horretarako, egun lau metro luze dituen lorategiak 1,80 metro izango ditu, eta espaloiak, ordea, 2,10 metro zabal. Lurpeko zerbitzu sare guztien antolaera ere aldatu behar izan da (elektrizitatea, gasa, argiteria, hornikuntza eta abar).

BEZa barne, 1.953.199,69 eurokoa da proiektuaren aurrekontuaren lizitazio oinarria, baina, azkenean, 1.464.509,14 euroan adjudikatu da. "2019ko abenduan hasi ginen irits-bide mekanikoak jartzen Eguzkiagirren, eta gaur, beste pausu bat egingo dugu, bigarren fase honi ekinez. Hori izan da inguru honetako auzoei agindutakoa, irits-bide mekanikoei esker erosoago eta seguruago ibili ahal izango baitira auzo bien artean", nabarmendu du alkateak. Eguzkiagirren egindako lan guztietan 2,5 milioi euro inbertitu dira.

8 MILIOIKO INBERTSIOA AZKEN 6 URTEOTAN

Azken urteotan, Amaia del Camporen gobernu taldeak 8 milioi euro inbertitu ditu hiriko irits-bide mekanikoak jartzen eta iriste-erraztasuna hobetzen. Horrela, bada, arrapala mekanikoak jarri dituzte Arrontegi, Andikollano eta Eguzkiagirren; igogailuak, ostera, Desertu Berrian, eta aurki, Bakean eta La Sieben ere. Horrez gainera, oinezkoentzako arrapalak egin dituzte Burtzeñan, Retuerton, Kareagan, Murrietan eta Desertu Berrian, ordezko bide erosoak eskaintzeko mugikortasun urria dutenentzat.

Ikastetxe eta lokal publikoetan ere, hala nola, Errekatxoko IHIZen, igogailu berriak jarri dituzte. "Argi dugu helburua: gero eta populazio zaharragoa dugu, eta hiria beharrizan horietara egokitu beharra dugu, auzoen arteko loturak eta iriste-erraztasuna hobetuz", esanez amaitu du alkateak.