BARAKALDO. Barakaldoko Udaltzaingoak furgoneta berri bat izango du. Ibilgailuak trafiko-seinale desberdinak, alkoholemia-kontrolak egiteko etilometroa, ordenagailua eta inprimagailua dauzka, baita trafiko-istripuetan esku-hartzeko material egokia ere. Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok furgoneta berriaren aurkezpena egin du.

"Trafikoko jarduketetarako erabiliko da furgoneta, istripuaren larritasunak edo konplexutasunak hala eskatzen duenean, bai eta komisaria mugikor gisa ere. Sortzen diren beharren arabera, ibilgailua zentrotik urrunen dauden auzoetan egongo da, hala behar duten bizilagunek mota guztietako salaketak bideratu ahal izan ditzaten, Lasesarreko polizia-etxera joan beharrik gabe ", azaldu du Madrazok.

Horrela, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloaren helburua lortzen da, alegia, Udaltzaingoaren zerbitzuak Barakaldoko herritarrengana hurbiltzea.

Euskadiko udaltzaingo guztien irudia homogeneizatzeko onartutako parametroen arabera errotulatu da furgoneta berria, eta ibilgailua erostea eta barruko ekipamendua prestatzea 41.729,4 euro izan da

Ángel Madrazok gogorarazi duenez, 2019ko irailetik aurrera Udaltzaingoko agenteek beren lana egiteko zituzten baliabideak hobetzeko egin dituzten jarduketen barruan dagoela furgoneta berria erostea.

Azken urtean, ildo horretan, transmisio-gela eraberritu da, espazioa optimizatzeko eta udalerrian instalatutako segurtasun-kamerak hobeto ikusteko; eta arma berriak erosi dira agente guztientzat, bai eta erabilera pertsonaleko txalekoak ere, polizia guztiek herritarren segurtasuneko zereginak babes egokiarekin egin ahal izan ditzaten.

Berriki, defentsa hedagarriak, emisore berriak eta bateriak ere erosi dira zaharrak ordezteko, baita hornidura pertsonaleko elementu berriak ere, eta horiek datozen asteetan emango zaizkie agenteei, pandemiak eragindako atzerapenik ez badago.

5 PATRUILA-AUTO BERRI

Madrazok adierazi duenez, 5 patruila-auto berri daude esleipen-fasean, eta laster berrituko dute egungo ibilgailuen flota. "Pandemiak zailtasunak sortu dituen arren, eskuratutako elementu guztiak iragan 2020an eta 2021eko lehen hilabeteen barruan esleitu, fabrikatu eta entregatzeko epeak etenez, plantillari materiala berritzeko agindutako konpromiso guztiak beteko ditugu ", zehaztu du.

2021eko urte honi begira, Ángel Madrazok adierazi du Udaltzaingoak zituen material-beharrak bete ondoren, aurtengo helburua polizia-ereduaren azterketa amaitzea dela, hainbat alderdi politikok, langileen eta auzo-elkarteen ordezkariek, eta udalerrian presentzia duten merkatariek osatutako mahaiaren esparruan. Horrez gain, plantillako lanpostu huts guztiak osatu nahi dira onartu berri den 2020ko LEParekin eta 2021erako aurreikusitako LEParekin.