BARAKALDO. 2021aren hasierarekin batera, patinete elektrikoen erregulazio berria jarri da indarrean Estatu mailan. Hori dela eta, Barakaldoko Udalak erregulazio berri horri buruzko informazioa eman nahi izan du Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadoren bitartez.

Hiriko mugikortasun iraunkorraren ardura duen zinegotziak begi onez jo ditu Espainiako Gobernuak hartutako neurri orokor horiek. "Azkenean, zirkulazio-arau argiak ditugu azken urteotan gorakada handia izan duten horrelako ibilgailuetarako. Horrela, udalerri askoren eskaerari erantzuten zaio. Udalek gai hori arautu zezaketen arren, horrek herritarrentzako ona ez zen arau anabasa ekar zezakeen ", adierazi du Delgadok.

Urtarrilaren 2tik, ibilgailu horiek ezin dute espaloietatik zirkulatu, eta debekatuta dute hiriarteko bideetan (adibidez, errepide nazionaletan), zeharbideetan, autobideetan, autobietan edo hiriko tuneletan zirkulatzea. "Errege Magoei patinetea eskatu badiezu, jakin ezazu patinetea ibilgailutzat hartzen dela ondorio guztietarako, eta gidariak zirkulazio arauak bete behar dituela, gainerako auto, motor eta kamioi gidariek bezala", gogorarazi du Alba Delgadok.

Horrela, bada, patinete-gidariek, bide bakoitzean baimendutako gehieneko abiadurak errespetatzeaz gain, Bide Segurtasunari buruzko Legeak baimendutako gehieneko alkohol-tasa berberak bete behar dituzte. Ezin dute drogarik hartu, ezta aurikularrak jantzita eraman ere, ezta gidatzen ari den bitartean mugikorra edo beste edozein gailu erabili ere.

Zer jotzen da mugikortasun pertsonaleko ibilgailutzat? Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoaren arabera, gurpil bakarreko edo gehiagoko ibilgailuak dira, plaza bakarrekoak eta motor elektrikoek soilik bultzatutakoak. Gehienezko abiadura 6 eta 25 km/h artekoa da. Gidari horiek guztiek dagokien zirkulazio-ziurtagiria izan beharko dute, ibilgailuak estatuko eta nazioarteko araudi teknikoaren arabera aplikatu beharreko baldintza teknikoak betetzen dituela egiaztatzen duena. Baimen horretatik kanpo geratzen dira mugikortasun murriztua dutenei zuzendutako zikloak eta lagundutako pedalei eragiteko bizikletak.

Beste nobedade bat da hemendik aurrera toki-erakundeek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroari (DGT) jakinarazi ahal izango dizkiotela beren udalerrietan erregistratutako mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak eta pedalkada lagundua duten bizikletak, ofizialki motordun ibilgailutzat hartzen ez diren arren.

GEHIENEKO ABIADURA MURRIZTEA

Bestalde, gogora ekarri du Delgadok, Barakaldo urrats garrantzitsuak ematen ari dela mugikortasun iraunkorraren alorrean, besteak beste, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana (PMUS) egiteko prozesuaren hasieran. Bultzada politiko hori, Espainia osoan mugikortasunari eta bide-segurtasunari eragiten dieten arau-aldaketa batzuk indarrean sartzen diren aldi berean ari da gertatzen. Horren adibide dira herri barruko bideetan abiadura-muga berriak indarrean jartzea: 20 km/h galtzadako eta espaloiko plataforma bakarra duten bideetan, 30 km/h zirkulazioaren noranzko bakoitzeko errei bakarreko bideetan eta 50 km/h zirkulazioaren noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiagoko bideetan.

"Muga horiek maiatzaren 11n sartuko badira ere indarrean herrialde osoan, Barakaldon hasita dago mugak ezartzen, eta urtarrilaren 2tik seinaleak jarrita daude oraindik aplikatu beharra ez zegoen kaleetan", gogorarazi du Delgadok.