BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdiak kalte ekonomiko handiak ekarri dizkio ostalaritzaren sektoreari. Hori dela eta, Barakaldoko Udalak itzuli beharrik gabeko 800 euroko dirulaguntzak eskaini zituen. Bada, dagoeneko 403 eskaera jaso ditu Inguraldek. Horietatik, 173 dagoeneko fiskalizatu dira eta berehala ordainduko dira.

Aparteko laguntza horien kudeaketa administratiboa denbora errekorrean egin du Inguraldek, eta talde teknikoa indartu du, kasu bakoitzari banan-banan erantzun ahal izateko. Ildo horretan, administrazio publikoaren ohiko komunikazio-bideekin batera, tratamendu pertsonalizatua eman zaie eskatzaileei, telefonoz edo posta elektronikoz.

Inguralden erregistratutako datuen arabera, abenduaren 10era arte -eskaerak aurkezteko azken eguna- 403 eskaera erregistratu ziren. Horietatik 271ek zuzenketa behar izan zuten, eta, gaur egun, gehienek jada aurkeztu dute eskatutako dokumentazioa; beraz, amaitu da espedienteak jaso, aztertu eta irekitzeko lana.

Ondorioz, behar bezala aurkeztutako 173 eskaerak dagoeneko fiskalizatu dira eta Diruzaintzaren esku jarri dira ordainketa egiteko. Gainerakoak alderdi administratiboak egiaztatzeko fasean daude, hala nola ordainketak egunean izatea edo hirugarrenen orria erregistratzea. Hori dela eta, laster Kontuhartzailetza Sailera pasatuko dira fiskalizatzeko. Dena ondo badoa, aurreikusita dago urtarrilean ordainketa guztiak egitea.

Kontuan hartuta aparteko laguntzak establezimendu bakoitzeko 800 eurokoak direla, 403 eskaerak azkenean onartzen badira, Barakaldoko ostalaritza-sektorearentzako zuzeneko diru-laguntza 322.400 eurora iritsiko da.

"Laguntza eskatzen zuten pertsona guztiek jaso ahal izatea zen gure konpromisoa, eta horretarako aurrekontu-sail nahikoa bermatu genuen", gogorarazi du David Solla Sustapen Ekonomikoko zinegotziak. "Ostalaritzak asko ordezkatzen du ekonomiarentzat, enpleguarentzat eta udalerriko bizitzarentzat, eta gure babesa dutela jakin dezaten nahi dugu, bereziki une latz hauetan".

SEKTOREARENTZAKO LAGUNTZA-MULTZOA

Itzuli beharrik gabeko laguntzak indarrean dauden neurriez gain, alokairuen bitartekaritza-zerbitzu bat, kontsumo-bonuko kanpaina bat eta terrazen tasaren doakotasuna jasotzen dituzte. Izan ere, establezimendu batek lehenengo Alarma Estatua izendatu zenetik Udalak garatutako ekimen guztiak eskuratu baditu, 2.000 euro baino gehiago jaso ahal izango ditu udalaren aldetik, eta horri terrazetan inbertitutako zenbatekoa berreskuratzea gehitu beharko litzaioke, urteko batez besteko 3.500 euroko kostuarekin.