SESTAO. Planeta osoko milaka toki eta eskualde gobernu elkartzen dituen eta aldaketa klimatikoari aurre egitea helburu duen Klima eta Energiarako Alkateen Itunarekin bat egingo du Sestaoko Udalak.

Guztiek borondatez atmosferara CO2-ren eta berotegi efektuko gasen igorpenak murrizte aldera lanean aritzeko konpromisoa hartzen dute.

Alkateen Ituna 2008. urtean abiarazi zen eta klima nahiz energiaren arloan borondatez Europar Batasuneko helburuak lortu eta gainditu nahi zituzten tokiko nahiz eskualdeko gobernuak elkartzea izan zuen xede. Gaur egun programa honetan 61 herrialdetako 10.400 erakunde publiko daude eta guztira 329 milioi biztanle dira.

Itunaren sinatzaileek klimaren aldaketaren aurka borrokatzeko konpromisoa hartzen dute eta, xede horrez, 2030. urterako CO2 eta berotegi efektuko beste gas batzuen igorpenak gutxienez % 40n gutxituko dituzte, bereziki, energia-eraginkortasuna hobetuz eta energia berriztagarriak erabiliz.

Hemendik aurrera Udalak bi urte izango ditu helburua lortze aldera 2030era arte garatuko dituen jarduerekin ekintza-plana aurkezteko. Planari erreferentziazko igorpenen inbentarioa eta aldaketa klimatikoaren ondoriozko arrisku eta kalteberatasunen ebaluazioa erantsiko zaizkio.

Sestaoko Udalak mugimendu honi eransteko erabakia hartu du eta horrekin udalerriko ingurumena hobetzearen aldeko konpromisoa indartuko du.

Aurrekoari eutsiz, lan-eremu honetan urrats garrantzitsuak ematen hasi da; batetik, bakarkako ekintzak gauzatu dira eta Sestao Berri sozietate publiko nahiz Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ere aritu da.

Bakarka azken urteetan jorratu den lan-lerro nagusiak herri-argiak aldatzearekin zerikusia du. LED motako argiak ipini dira, energia gutxiago kontsumitu eta argi-kutsadura txikiagoa sortzen dutelako.

Dena den, gaur egun apusturik garrantzitsuenetarikoa Txabarrin egiten ari da. Butanoko banako berogailuen eta gas naturaleko galdaren ordez, auzoko berogailua instalatzeko proiektua gauzatu da eta horri esker, 400 etxebizitzak baino gehiagok beroa eta ur bero sanitarioa izango dute.

Halaber, auzo berean energia-eraginkortasunaren irizpideak erabiliz birgaitzen ari dira eraikinak, elektrizitatearen eta berogailuaren kontsumoak etxebizitzen barruan ahalik eta gehien murrizteko.

Europar Batasunak lan-estrategia hori babesten du eta Sestao hainbat europar proiektutan sartu du, hala nola “+CityxChange”. Aipatutako programak hiri adimentsuak, hiri-ekosistema iraunkorrak dituztenak, lortzea du xede. 2050. urterako zero igorpenekin eta energia berriztagarriaren % 100ekin energia positiboko barrutiak lortu nahi dira. Sestaoren kasuan, Bizkaiko Labe Garaietako Lan Eskola zaharraren eraikina birgaitzeko orduan aplikatzen ari da. Europar Batasuneko Horizon 2020 finantza-programak milioi erdi euro baino gehiago jarriko ditu jarduera horretarako.