BARAKALDO. Barakaldoko Udalak, hondakin organikoen birziklatzea sustatzeko helburuarekin, 63 edukiontzi marroi txiki banatuko ditu herriko saltokien artean (38 fruta denda eta 25 lore denda). Alba Delgado Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloko zinegotziak birziklatzearen inguruko ekimen berri hauiragarri du gaur, azaroak 27.

"Nahiz eta kuboen banaketa datorren urtearen hasieran abiatuko den, neurri hau Hondakinak Murrizteko Europako Astearen barruan kokatzen da, eta bertan murgilduta gaude igandera arte. Horrela, birziklatzearekin eta ingurumena zaintzearekin dugun konpromisoa indartzen dugu ", adierazi du Delgadok.

Zinegotziak gogorarazi du fruta-dendek eta loradendek sortzen dituzten hondakin gehienak "organiko hutsak" direla. Helburua da Barakaldoko denda horietan soberan dauden fruta, barazki eta lore kopuru handia aprobetxatzea birziklatzea areagotzeko.

Alde horretatik, Alba Delgadok erronka gisa hartu du Europar Batasunak ezartzen dituen hondakin organikoen birziklapenaren gutxieneko zifrak lortzea. "2003an bosgarren edukiontzia jartzen hasi ginenetik, Udalak pauso garrantzitsuak eman ditu arlo honetan, baina oraindik oso urrun gaude, beraz, bizkor mugitu beharra daukagu", ohartarazi du.

50 LITROKO KUBOAK, POLTSA KONPOSTAGARRIAK

Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloak informazio-kanpaina bat egingo du hiriko loradenda eta fruta-denden ekimen berriari atxikitzea lortzeko.

Lehenik eta behin, informazio-gutun bat bidaliko da neurria azaltzeko. Ondoren, ingurumen-hezitzaile bat joango da establezimenduetara, informazio gehiago emateko eta atxikimendua formalizatzeko. Ekimenarekin bat eginez gero, lokaletako arduradunek 50 litroko kubo marroia, poltsa konpostagarriak, edukiontzia irekitzeko giltza eta informazio txartela jasoko dituzte.

Neurri berritzaile horrekin bat egin du barakaldarren artean hondakin organikoetarako edukiontzi marroiaren erabilera sustatzeko egin berri den kanpainak.

"Itzularaz ezazu lurrera" lelopean, kutsadurari eta, ondorioz, klima aldaketari aurre egiteko, hondarrak birziklatzeko beharraz herritarrak kontzientziatzen saiatu zen kanpaina", gogorarazi du Alba Delgadok.

Edukiontzi marroian, etxean sortzen diren landare-jatorriko hondarrak birzikla daitezke, kozinatuak eta kozinatu gabeak, hala nola:

  • Fruta-, barazki-, lekale-, barazki-, ore- eta arroz-hondarrak, ogi-, gaileta- eta opil-hondarrak, bai eta fruta-hezurrak, lore- eta landare-hondarrak, alpiste-hondarrak, baratze-hondarrak, belarra eta zatitutako inausketa-hondarrak ere.
  • Sukaldeko papera, paperezko ahozapiak, kartoizko arrautzak eta kartoi uhindua, zikinak badaude (garbi badaude, paperaren eta kartoiaren edukiontzi urdinean utzi behar dira).
  • Kafe-hondarrak eta -iragazkiak, bai eta infusioen hondarrak eta poltsatxoak ere.
  • Fruitu lehorren oskolak.
  • Kortxozko tapoiak.