BARAKALDO. Egoera sozial ahulean dauden familietako haurren arreta bikoiztu egingo du Barakaldoko Udalak. Hartutako neurrien artean, musuko berrerabilgarriak erosiko zaizkie, taper solidarioaz gain. Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketako Arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok neurri honen nondik norakoak aurkeztu egin ditu gaur goizean.

"Ez dugu inor atzean utziko. Koronabirusak eragindako osasun-krisiaren hasieratik, Enpleguaren, Gizarte Kohesioaren eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko Haurrak Ataletik familia ahulenetako adingabeen funtsezko beharrei erantzuten ari gara ", azaldu du Pizarrok.

Zinegotziak gogorarazi duenez, "familia askok bere gain hartu ezin duten aparteko gastua da musukoak erostea" eta, etxeko konfinamenduan ez bezala, orain ikastetxeak aurrez aurreko eskolak eskaintzen ari dira eta 6 urtetik gorako haurrek beti eraman behar dute musukoa eskolan dauden bitartean, covid-19tik babesteko.

Horregatik, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloak 1.250 musuko higieniko berrerabilgarri erosi dizkio Usoa lantegiari, desgaitasuna dutenei lana ematen dien Udaleko enpresa publikoari. Musuko horiek datozen egunetan emango zaizkie 6 eta 14 urte bitarteko Barakaldoko familia kalteberetako haur guztiei, Gizarte eta Hezkuntzako Esku-hartze Taldeek artatzen dituztenean. "Adin horretatik aurrera, adingabeek helduen musukoak erabil ditzakete eta, 6 urtetik beherakoen kasuan, musukoa ez da derrigorrezkoa", adierazi du Pizarrok.Halaber, Juan Antonio Pizarrok uste du "ezinbestekoa" dela Barakaldoko adingabe guztiei elikadura jarraitua eta orekatua izateko eskubidea bermatzea. Hori dela eta, berriki zabaldu da egoera ahulean dauden familiei arreta ematen dien taper solidarioko zerbitzua, eta afariak ere eskaintzen ditu. Neurri hori Aunar Elkarteari eta ekimenean parte hartzen dutenei esker lortu da, besteak beste, ostalariei esker.

BESTELAKO EKIMENAK

Gogora ekarri behar da, osasun-krisia dela eta, Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketako Zinegotzigoak telefono bidezko arreta psikosozial eta gizarte-hezkuntzako bi zerbitzu eskaintzen dituela, eragin psikologikoa apaltzen eta familia horiei laguntza ematen saiatzen direnak.

Halaber, Juan Antonio Pizarrok gogorarazi du hainbat gizarte-erakunderekin elkarlanean ari direla haur ahulei arreta emateko programetan. Adibide bat Save The Children da, Udalak lagatako lokal bat baitu Gurutzetan. Konfinamenduan, Barakaldoko Enplegu eta Gizarte Kohesio Arloak eta Save The Childrenek elkarrekin egindako ekimen bati esker, gizarte-egoera ahulean zeuden 86 haur artatu ahal izan zituzten haien etxeetan. Horrela, familia horiek premia larrienei aurre egin ahal izan zieten: elikadura, eskola-errefortzua...