BARAKALDO. Koronabirusaren krisialdia hasi zenetik, Barakaldoko Udalak Lasesarreko kiroldegia egokitu zuen etxerik gabeko pertsonek bertan egon zezaten konfinamendua zirauen bitartean. Orain, kiroldegiak bere ateak berriro irekiko dituenez, Udalak pertsona horientzako plan berri bat prestatzen hasi da.

"Aste batzuk daramatzagu Goiztiri, Agharas eta beste erakunde publiko batzuekin Lasesarren dauden etxerik gabekoei egoitza-irtenbideak eskaintzeko plan bat prestatzen. Pertsona horiek bizi-proiektu berri bati ekin ahal izatea da helburua, baina Udalak Lasesarre aterpetxea eta Santa Teresako eguneko zentroa mantenduko ditu, eta Caritasek jantoki sozialaren zerbitzua eskaintzen jarraituko du", azaldu du Juan Antonio Pizarro Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotziak.

Aldundia eta Eusko Jaurlaritza azkenaldian etxerik gabekoen arretan erakusten ari diren inplikazioa eskertu du Pizarrok. Hala ere, ohartarazi du, Barakaldok ezin jarraitu duela pertsona horien arreta bere gain bakarrik eta bere baliabide ekonomikoekin eta giza baliabideekin hartzen, udalerriko mugetatik haratago doan arazoa baita.

"Ezkerraldeko eta Meatzaldeko gainerako udalek eta beste erakunde batzuek ere parte hartu behar dute etxerik gabeko pertsonen arretan, ez baita gure hirira mugatutako arazoa, nahiz eta eskualdeko udalerri bakarra izan pertsona horiei ostatu emateko baliabide bat eskaintzen duena. Gogoratu behar da Bilbok eta Barakaldok bakarrik dituztela zerbitzu iraunkor horiek Bizkaia osoan ", berretsi du Juan Antonio Pizarrok.

BARAKALDOTIK HARATAGO DOAN ARAZOA

Alde horretatik, erabiltzaileen profilak agerian uzten du arazo hori Barakaldoko udalerritik harago doala. Lasesarreko kiroldegiko dispositibo berezia baliatu dutenen erdia azken urtean erroldatu da Barakaldon, edo orain ere ez daude erroldatuta.

Lasesarreko erabiltzaileen artean, migratzaile asko daude, baita etxerik gabe amaitu duten beste batzuk ere, hainbat arazoren ondorioz: adikzioak, buruko arazoak...