BARAKALDO. Gaur, maiatzak 25, astelehena, Euskadi deseskalatzearen bigarren fasean sartu da, eta horrekin batera lehen egin ezin ziren hainbat gauza egin ahal izango dira. Besteak beste, Barakaldoko Udalak aurrez aurreko arreta ematen hasiko du gaurtik aurrera, aldez aurretiko hitzordua eskatuta. 010 telefono-zenbakiaren bidez egingo da arreta, eta ezinbestekoa izango da udaletxera maskara jantzita sartzea.

Laneko Arriskuen Prebentziorako eta Laneko Osasunerako Zerbitzuarekin, Barne Kudeaketa eta Antolaketa Arloarekin, udal-arloetako zerbitzuburutzekin lantzen du Udalak konfinamendua arintzeko plana, pandemiaren fase berriei aurre egiteko eta herritarrentzako zerbitzuak pixkanaka berreskuratzeko. Lan hori sindikatuei helarazi zien eta atzo eztabaidatu zuten batzorde paritarioan.

Horrela, herritarrentzako arreta-guneak udaletxeko behe solairura eraman dira, hau da, kalera. Tramitea aurrez aurre egin nahi duten herritarrek 010era deitu, eta hitzordua eskatu beharko dute. Gainera, joan den asteazkeneko ministro-aginduaren arabera, derrigorrezkoa izango da eraikinean sartzean maskarak erabiltzea, espazio publikoa delako.

HAZ bulegoetako hiru lanpostutan aurkeztu ahal izango dira tramiteak, bai eta honako hauekin lotutako kudeaketak egingo ere: obrak (lizentzia-eskaerak), udal zerbitzuak, ingurumena, zerga-kudeaketa (zergen ordainketa), kultura (diru-laguntzen eskaera) eta Gizarte Ekintza (Zaballako eraikineko behe solairuan ere prestatu dira). Bi ordenantza egongo dira, ilarei eta aurretiko hitzorduei erantzuteko: bata udaletxean eta bestea Gizarte Ekintzan.

B@KQ TRAMITATZEA, AURRETIKO HITZORDURIK GABE

Leihatila bat jarriko du Udalak B@KQ ziurtagiria tramitatzeko. Horren bidez, herritarrek etxetik edozein udal tramite egin ahal izango dute, udaletxera hurbildu beharrik gabe eta balio berarekin. Ziurtagiri hori ateratzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua hartzea. "Bi hilabete daramatzagu administrazio elektronikoaren bidez lanean, eta ildo horretan atzerapausorik ez ematea garrantzitsua dela uste dugu. B@KQ doako ziurtagiri elektroniko bat da, leihatila horretan berehala emango dutena, eta horrekin etxetik egin daitezke udal tramite guztiak bai eta beste administrazio batzuekin egin daitezkeen tramiteak ere, dokumentuak elektronikoki sinatu ahal izateaz gain ", adierazi du Gorka Zubiaurre Alkatetza, Gobernu Irekia, Barne Kudeaketa eta Turismoa Arloko zinegotziak.

PREBENTZIOA ETA BABESA

Fase berri honi aurre egiteko, Udalak udaletxea egokitu du arreta-postuen arteko segurtasun-neurriak errespetatzeko - gutxienez, 2 metrokoak -, eta manpara babesleak jarri dira jendearentzako arreta zuzenagoa den eremuetan. Gainera, eskuak errazago garbitzeko hidrogelak jarri dituzte.