BARAKALDO. Hemen da Barakaldoko Udalak antolatutako Mikrokontakizunen Lehiaketaren bosgarren edizioa. Parte hartu nahi dutenek 660 698 858 zenbakira bidali beharko dute euren testua, euskaraz idatzia eta gehienez 20 hitzekoa izan behar dena, maiatzaren 8a baino lehen. Baldintza bakarra testuak "etxeko leihotik begira" esaldia eramatea da.

Hamasei urtetik gorako edonork har dezake parte lehiaketan. Kontakizunek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dute eta ez dira aurretik saritutakoak onartuko. Whatsapp bidez bidal daitezke maiatzaren 8a baino lehen, 23: 59an, eta orduan itxiko da kontakizunak aurkezteko epea. Parte-hartzaile bakoitzak bi kontakizun aurkez ditzake gehienez.

Hiru saritan banatuko ditu 500 Udalak: Irabazleak, 200 euro, eta akzesit irabazleek, berriz, 150na euro.

Komunikazioko, hizkuntza eta literatura alorretako profesionalek osatutako epaimahai aditu batek aukeratuko ditu kontakizun irabazleak, jasotako 20 onenak hautatuz, eta horien artetik aterako dira hiru irabazleak. Saritutako kontakizunak Udaleko Euskara Sailak dituen gizarte-sareetan (Facebook, Twitter eta Instagram) argitaratuko dira : BarakaldoEuskaraz eta EuskaraldiaBarakaldo. "Lehiaketak beti izan du harrera ona, eta une zail honetan sormena bultzatzeko ekimen ona dela uste dugu", adierazi du Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotziak.

"Konfinamenduarekin guztiz bat datorren esaldi bat aukeratu dugu, besteak beste, egoera horrek eragiten digun guztia euskaraz transmititu ahal izateko, irudimenari hegan egiten uzteko eta benetako istorioak kontatzeko. Horregatik, herritarrak osasun-alertatik ihes egitera animatu nahi ditut, mikrokontakizun txiki horiek sortuz, eta ziur gaude aurten aurreko urteetakoen oso desberdinak izango direla", azpimarratu du Canterok.