Santurtzi - Pausoz pauso, poliki-poliki euskara bere bidea egiten ari da Ezkerraldean. Hizkuntzaren erabilera goraka doa azken urteotan, baina, oraindik lan asko dago egiteke normaltasun linguistikoa lortzeko erronkan. Zentzu honetan, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko Euskara sailek logo berri bat sortu dute, euskal hizkuntzari irudi berri bat emateko asmoz. "2017. urtetik aurrera lau udalen euskara teknikariak elkarlanean ari dira. Lau herriek erronka bera dute eta lan honen bidez espero dugu euskararen erabilera bultzatzea gure eskualdean. Plazaratzen dugun irudi berri hau arlo honetan egiten ari garen ekintzetariko bat da", adierazi zuen Itsazain Ortolatxipik, Santurtziko Udalaren Kultura zinegotziak.

Ezkerrealdeak sortutako irudi berrian, E hizkia da protagonista nagusia. Honenbestez, euskara eta Ezkerraldearen arteko lotura bistan jartzeko asmoz, irudian bi E jarri dituzte. Lehena, beltz kolorekoa Ezkerraldeak Euskal Herrian duen garrantzia bistan jarri nahi du. Beste hizkia, ordea, urdin kolorekoa euskararen papera ordezkatzen du eta bi hizkiak elkarri begira ari dira eta, dirudienez, hizketan hasteko prest. Irudiaren behekaldean agertzen da Ezkerraldea euskaraz leloa. E hizkiekin gertatzen den moduan, Ezkerraldea hitza letra beltzez jarri dute eta, bestalde, euskaraz letra urdinez idatzita dago. "Hemendik aurrera, irudi hau agertuko da lau herriek euskara arloan antolatuko dituzten ekintzetan", esan zuen Ortolatxipik. Zentzu honetan, atzo Santurtziko portuan aurkeztutako irudia eskualdean euskararen aldeko lanaren ikur bilakatuko da etorkizunean.

Euskaldunen sarea sortu Ezkerraldean gero eta jende gehiago euskaraz jakin arren, euskal hizkuntzaren erabilera ez da altua. Ezagutza eta erabileraren arteko aldea nabarmena da eta alde hori murriztea da etorkizuneko erronkarik nagusiena. Horregatik, eskualdea osatzen duten lau udalek euskaldunen sare bat sortzeko asmoa dute. "Gero eta euskaldun gehiago dago Ezkerraldean, eta haien arteko sareak sortu nahi ditugu euskararen erabilerak gora egin dezan", aitortu zuen Ortolatxipik.

Atzo aurkeztutako irudiaz gain, Ezkerraldeko lau udalak batuko dira euskararen aldeko beste ekintzetan. "Logo honen proiektua egin dugun azken ekintza da, baina lehen egin genuen kanpaina bat arraindegietan eta, adibidez, teknikariak lanean ari dira ideia berri batzuk martxan jartzeko", amaitu zuen Ortolatxipik.