BILBO. Lehen hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako 1.700 ikasle inguruk Abellanedako Batzar Nagusien jatorria eta garapena ezagutu ahal izan dute “Alkartu gaitezan Abellanedan” eta “El Pobaleko burdinolagaz egindako ekintzea” jardueren bitartez, holan Bizkaiko eta Enkarterriko politika eta administrazino arloko gizaldietako antolakuntzan sakonduz eta bertako erakundeen egitekoa aztertuz.

Beste alde batetik, bigarren hezkuntzako 1. mailako 1.850 ikaslek “Historiaurreko Tailerrean” hartu dute parte, eta DBHko 2. mailako 2.092 ikaslek Erdi Aroa ezagutu dute, izen bereko tailerraren bitartez. Ikasturte honetan, barrikuntza moduan, genero begirada aurkeztu da tailer horretan, Erdi Aroko emakumeak gure lurraldean beteten eban lekua erakutsiz, eta emakumeek uribilduetan eta eleizateetan egiten zuten beharrak jenteari azalduz, Bizkaiko Andrek bete izan ebezan kargu politikoak ahaztu barik.

Ikasturteari agur esateko, 6 eta 9 urte arteko 2.700 partaidek ahozko tradizioa eta mitologia ezagutu dute apirilaren 20tik ekainaren 21era bitartean egin diren 'Bizi zure kontua' eta 'Sortu daigun geure munstroa' tailerretan. Lehenengoan, ikasleak ipuinaren mundura gerturatu dira, modu aktiboan, partaidetzan oinarrituta, umeak euren abenturaren protagonista bilakatuta; bestean, berriz, euskal mitologiako izaki fantastikoak ezagutu eta modu geografikoan kokatu dituzte. Artelanak ikusiz, Lehen Hezkuntzako lehenengo ikasturteetako ikasleek izaki fantastiko horren sekretuak ezagutu ahal izan dute, eurek asmatutako munstro berriak modu artistikoan sortuz bukatu den ekintzan.

Historia, kultura eta etnografia ondarea zabaltzea da Abellanedako Batzarretxea izandako Enkarterrietako Museoaren helburuetako bat. Helburu hori betetzeko, ikasleei zuzendutako eskaintza didaktikoaz gain, urtero hainbat talderentzat pentsatutako bisitak eta ekintzak antolatzen ditu Enkarterrietako Museoak, emakume elkarteentzat, helduen hezkuntza taldeentzat, euskaltegietako ikasleentzat eta gizarte osasun arloko elkarteentzat, beste batzuen artean. Talde horiek kontuan izanda, 8.842 bisitari izan dira 2018ko irailetik 2019ko ekainera Enkarterrietako Museoaren prestakuntza eskaintzan parte hartu dutenak.