BILBO. Berriz ere antolatu dituzte Historia eta Ingurumena interpretatzeko Luis Choya Almaraz Zentroak eta Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak ibilbide gidatuak itsasadarrean barrena, Udalak antolatu ohi dituen jardueretatik arrakastarik handiena izan duenetakoa, alegia. Aurten, hamabi irteera prestatu dituzte. Bihar zabalduko da ekimenean izena emateko epea, eta datorren uztailaren 1ean itxiko. Horretarako: Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (HAZ) 010; beste herrietatik deituz gero: 944 789 200.

Ibilbide gidatuak itsasontziz egiten dira, eta xede dute industria nagusi zen garaiko Barakaldora eramatea bisitariak, udalerrian lantegi piloa zegoen garaia eta historia hurbila ezagutu dezaten. Irteerak honako egun hauetarako daude programatuta: uztailaren 6, 13 eta 20rako, eta irailaren 7 eta 21erako. Itsasontzia 10:00etan irtengo da Porturen dartsenatik (Erandiorako gasolinoa geratzen den lekuan).

Aurten zozketa bikoitza egingo da; bata, uztaileko irteeretarako, eta bestea, berriz, irailekoetarako. Uztailaren 2an egingo da zozketa, eta uztailaren 3, 4 eta 5ean telefonoz hots egingo zaie zozketan atera diren zenbakiak dauzkaten eskatzaileei.

IRAILEKO BIDAIETARAKO IZEN-EMATEAK

Uztailaren 3tik abuztuaren 29ra arte beste epe bat zabalduko da iraileko ibilbideetako plaza-zozketan izena emateko. Orduantxe atxikiko zaie eskatzaileei zenbaki bana irailaren 2an egingo den zozketarako. Aurrekoan bezala, irailaren 3, 4, 5 eta 6an telefonoz hots egingo zaie zozketan atera diren zenbakiak dauzkaten eskatzaileei.

Bidaia bakoitzean 2,04 euro ordaindu behar da, baina erretiratuek, pentsiodunek, langabetuek eta 7-12 urteko umeek 1,02 euro ordainduko dute, % 50eko deskontua baitute. Sei urtera bitarteko umeek ez dute bat ere ordaindu beharko, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak babestua baita jarduera.