pORTUGALETE - Hamabost egun falta dira euskararen aldeko ekimenik nagusienak, Korrikak, lehen pausoak emateko. Hasiera Garesen izango da apirilaren 4an, hamar egun geroago Gasteizen helmugaratzeko. Hamar egun horietan, zalantzarik gabe, une oso politak eta bereziak biziko dira eta horietako bat Bizkaia Zubian izango da. Bertan, datorren apirilaren 10ean, gaueko 23:00ak aldera, Korrikaren lekukoa Eskuinaldetik Ezkerraldera pasatuko da, zubiaren pasabidea alde batetik bestera zeharkatuz.

Une horretan, Getxoko alkate Imanol Landa eta Portugaleteko alkate Mikel Torres protagonistak izango dira. Landak Getxotik Bizkaia Zubira eramango du lekukoa eta, igogailua hartuta, pasabidera helduko da. Bertan, erdialdean, itsasadarrak marrazten duen muga imajinarioan egongo da itxaroten Torres, lekukoa hartzeko eta Korrikari beste bultzada bat emateko Gasteizerako bidean. “Esaten dugu euskarak zubiak eraiki behar dituela eta guretzat oso garrantzi-tsua izango da Getxoko alkateak Portugaleteko alkateari Korrikaren lekukoa emango dion unea”, adierazi zuen Asier Amondok, Korrikaren arduradunak. Horren harira, Landak aitortu zuen “Korrika beti berezi eta polita” dela baina “are eta bereziagoa izango da Bizkaia Zubitik pasata”. Torres egongo da lekukoaren zain eta Portugaleteko alkateak “poztasuna” azpimarratu zuen, bere herria bi aste barru hasiko den Korrikan protagonista izango delako. - M. A. Pardo