2022ko martxora arte luzatuko da zuhaitzak inausteko denboraldia Getxon. Udalak dagoeneko hasi ditu lanak, eta udalerriko 14.602 zuhaitzetan jardungo du denbora horretan.

Denboraldi honetan atseden emango zaie lerrokatuta dauden aleei, baldin eta, horien kokapenagatik, bizilagunei, trafikoari edo mugikortasunari eragiten ez badiete.

Inausketa lanak, batez ere, segurtasunari, aleen osasunari eta argien, etxebizitzen edo trafikoaren gaineko interferentziei buruzko irizpideei jarraituz egiten dira. Inausketa egiteko sasoirik onena negua da, azarotik martxora bitartean, zuhaitzak atsedenaldi begetatiboan daudenean; halere, atsedenaldi hori gero eta laburragoa da, udazkeneko tenperaturak nabarmen igotzen direlako eta udaberriak gero eta goizago sartzen direlako. Datu gisa esan behar da 90eko hamarkadan inausketa-kanpaina urriaren hasieran hasi eta apirila ondo sartuta amaitzen zela. 2000. urtetik 2010. urtera bitartean, urriaren erdialdean hasi eta martxoaren amaieran amaitzen zen. Gaur egun, urriaren amaieran tenperatura nekez jaisten da 15 gradutik; beraz, zuhaitzek hostoa fotosintesi betean mantentzen dute, eta, horren ondorioz, inausketa azarora atzeratu behar da, zuhaitzen osasun-egoerarako arriskutsua izango litzatekeelako lehenago egitea.

Kaleetan lerrokatuta dauden zuhaitzen inausketari dagokionez, modu sistematikoan egiten da espaloian landatutako espezie jakin batzuetan, hain zuzen ere, adaburua garatzeko aukera urria duten eta inguruneari kalterik eragiten ez dioten zuhaitzak: platanondoa (3.352), masustondo, negundo astigarra (129), ligustrum, tamarix eta abar.

Bestalde, berdegune, parke eta kaleetako formazio libreko zuhaitzen inausketa ez da sistematikoa, eta soilik gauzatzen da espazioen segurtasuna arriskuan dagoenean, zuhaitzaren egiturari bera arriskuan dagoenean edo argien, etxebizitzen eta abarren gaineko interferentziak daudenean. Inausketak 12 metrotik gorako altuera duten aleetan egiten dira askotan. Urtean programatutako 448 esku-hartze egiten dira, batez ere haien kokapena, osasun-egoera eta auzotarren eskaerak kontuan hartuta.

Bi inausketa mota bereizi behar dira kasu horietan. Alde batetik, kopa saneatzen da, adar hautsiak, lehorrak eta gaixoak edo hurbileko beste adar batzuekin konpetentziak dituztenak kenduz. Bestetik, adaburua txikitzea aurreikusten da: zuhaitz edo zuhaitz multzo jakin batzuen gainean inausketa drastikoak edo ez hain zorrotzak egitea kontsidera daiteke, haien hazkunde-, garapen- eta kokapen-ezaugarriengatik arrisku-faktorea murriztea gomendatzen dutenak. Neurri oldarkorra da, irizpide teknikoen bidez aplikatzen dena. Esku-hartze partziala izan daiteke, soilik interferentziak edo teilatuen, etxebizitzen eta abarren gainean arriskuak eragin ditzakeen adaburuaren zati baten gainean egiten dena.

Inausketa-hondakinen % 100 berrerabiltzen da konposta sortzeko birrindutako material gisa eta parterreentzako azal gisa (620 tona inguru 2020an).

ZUHAITZAK LANDATZEA ETA BIRJARTZEA 2021-2022 KANPAINAN

Inausketaz gain, urtean zehar erorketengatik, ekintza bandalikoengatik, istripuengatik edo gaixotasunengatik kendutako zuhaitzak landatu edo birjartzen dira sasoi honetan. Kanpaina honetarako 121 lerrokatze-ale landatuko dira eta beste 20 parke eta lorategietan: 22 ale Makaletako etorbidean, 12 Mayor kalean, 14 Galea Pasealekuan, 5 Usategi parkean eta gainerakoak hainbat kaletako birjarpen puntualak izango dira.

2020-2021 KANPAINAREN BALANTZEA

2020-2021 kanpainan, 3.703 lerrokatze-zuhaitz inausi ziren kale eta parkeetan. Hau da, aurreko kanpainan baino 1.600 zuhaitz gutxiago inausi ziren, eta, beraz, atsedena eman ahal izan zitzaien inausketa ez egiteko aukera eman zuten espezie guztiei. Hala ere, hasierako plangintzari dagokionez, eremu batzuetan esku hartzea erabaki zen inbasioagatik, haize bortitzagatik edo bizilagunen eskaera arrazoituengatik.