Joan den ostegunean, urriak 28, ospatutako osoko bilkuran ezagutzera eman zuen Getxoko Udalak aurreikusita dagoela abenduan amaituko direla Iturribarri IIko alokairu sozialeko 91 etxebizitzen obrak.

Etxebizitza arloko ardura duen zinegotziak, Álvaro Gonzálezek, honako hau adierazi du: “eskatzaileentzako hitzarmenean ezarritako erroldaren baldintzak berrikusteko fasean gaude, baremazioa amaitzeko, adjudikazioa egiteko eta itxarote-zerrenda sortzeko”.

Unitate bereko beste lurzati batean 58 etxebizitza proiektatu dira, kasu honetan, araubideari dagokionez, alokairu orokorrekoak. Horien obrak hurrengo urteko irailean abiatuko direla aurreikusten da. “Lizentzia emanda dauka jada, baina hasiera atzeratu egin da, hainbat azterlan egin behar izan direlako Jabari Publiko Hidraulikoaren sektoreko araudiak zehaztutako uholde-arriskuko zerrendetatik kanpo geratzen direla bermatze aldera”, gaineratu du Gonzálezek.

VENANCIOSEKO ETXEBIZITZA SUSTAPENA EROSKETATIK ALOKAIRU OROKORRERA IGARO DA

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, oniritzia eman zaio Venancion aurreikusitako etxebizitza sustapena erosketa orokorreko araubidetik alokairu orokorrekora aldatzeari. Gobernu autonomoarekin egindako lursailen trukatze baten ondorio da sustapena, 2019an onetsia. Sustapenean 54 etxebizitza proiektatu dira, eta horien oinarrizko proiektua idazten ari da gaur egun.

Lursailen trukatze horrek Sarrikobason 68 etxebizitza sustatzea ere hartzen du barne, alokairu orokorreko araubide beraren baitan. Kasu honetan, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren txostena falta da obra lizentzia emateko.

Puntu hori aurrera atera da EAJ/PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoekin eta EH-Bilduren abstentzioarekin.

EZTABAIDA

Etxebizitzari buruzko bi puntuak eztabaidatzean, PPk babestu egin duen arren, honako hau adierazi du: “Lotsagarria da etxebizitzen bi sustapenek daramaten atzerapena”. Ildo beretik jardun du EH Bilduk, eta “HAPOren eta etxebizitza planaren atzerapena” salatu du. “Hausnarketarako gaia izan beharko litzateke etxebizitza sozialen atzerapen sistematikoa. Ez dago merkatuaren beharrizanei erantzuten dien etxebizitza politikarik, eta gazteen exodoak aurrera jarraitzen du, ez zaielako bermatzen etxebizitza eskubidea”.

Udal gobernuak, bestalde, honako hau adierazi du onetsitako proposamen bien harira: “Etxebizitza eskuratzeko arazoa konpontzeko edo arintzeko gure konpromisoaren erakusle dira, bereziki alokairuari dagokionez, zailtasunik handienak dituzten pertsonei irtenbidea emateko asmoz. Etxebizitzaren Euskal Legeak alokairuko etxebizitza administrazio publikoetatik garatzearen alde egiten du apustu, etxebizitza eskuratzeko gainerako erregimenak ahaztu gabe. Guztietarako eskaria dago Getxon. Horrenbestez, gure etxebizitza planak, HAPO hasieran onetsi ostean garatuko dugunak, alokairu sozialeko etxebizitza publikoa izango du, alokairu orokorrekoa eta erosketakoa; etxebizitza tasatua, etxebizitza librea, cohousing eta zuzkidura-bizitokiak herritarren eskariari erantzuteko”.

74.000 EURO PERUALDERENTZAT

Bestalde, aho batez onetsi da 74.000 euroko kreditu gehigarria Pertsonalde Elkarterako (Perualde zena). Elkarte horrekin lankidetza hitzarmena du udalak, eta pandemiatik eratorritako ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko Getxo Ekinez programaren baitako erabakia da.

MOZIOAK

Lekukotza izaerarekin bi mozio onetsi dira. Lehenengoa PPk aurkeztu du, eta EH-Bilduren zuzenketa transakzionala onartu du. Mozioan, bizikleten eta bidegorrien erabilera egokiari buruzko informazio-kanpaina bat eskatzen da, eta, behin betiko, mugikortasun segurua eta jasangarria bermatuko duen errepideen araudi integral berri bat idaztea.

EH-Bilduk aurkeztuta, eta EAJ/PNVren eta PSE-EEren zuzenketa transakzionala onartu ondoren, beste mozio bati ere argi berdea eman zaio, udalerriko sarreretako karteletan “Planto! Eraso sexistei Getxon” logoa jartzeko, eta udal Berdintasun Zerbitzuak herriko ikastetxeekin lanean jarraitzeko formakuntza feministaren eta indarkeria matxistaren prebentzioaren bidez, besteak beste.

Pandemia hasi zenetik jendea bildu duen lehen osoko bilkura honetan, bide-garbiketako langileen ordezkariek eta Andra Mari Gure Lurra Auzo Elkarteko ordezkariek parte hartu dute. Lehenengoek, zerbitzuaren eta lan-arloko gabeziatzat jotzen dutena azaltzeko. Eta bigarrenek, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrean beren etxebizitzen etorkizunari dagokionez.