Gaur eguerdian, abuztuak 31, Getxok publikoki gaitzetsi nahi izan du joan den asteburuan udalerriko emakume batek Plentzian jasandako sexu-erasoaren ustezko delitua.

Amaia Agirre alkateak, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui eta Emakunderen zuzendari Izaskun Landaida, besteak beste, eta Udaleko alderdi guztietako ordezkari politikoek elkarretaratze isilean parte hartu du gaur Udaletxean haien gaitzespena adierazteko, larunbat gauean, abuztuaren 28an, Plentzian ustez sexu-erasoa egiteagatik Getxoko hiritar batek jarritako salaketaren aurrean.

Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko ikerketetan jarraitzen duen bitartean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaitzespen irmoa adierazi zuen atzo, adierazpen instituzional baten bidez, eta, aldi berean, genero-desberdintasunean oinarritutako jarrera sexisten ondoriozko eraso guztiak gaitzetsi ditu. Halaber, elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari eta babesa eskaini dio.

Halaber, Bozeramaileen Batzordeak herritarrei dei egin die gaur isilik ere biltzeko Telletxe kaleko puntu morean, 19:30ean. Emakume elkarteei eta Berdintasun Kontseiluan parte hartzen duten erakundeei dei egiten die bereziki deialdiarekin bat egiteko.

Udalak berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egiten jarraitzea defendatzen du, non emakumeek sexu-harremanak norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten askatasunez erabaki dezaketen; azken finean, emakumeen nahia erabat errespetatzen duen gizartea lortzeko.