'Getxo bihotzetik'

Tokiko turismoa sustatzeko kanpaina abiaraziko du Getxok

09.07.2021 | 21:30

Koronabirusaren pandemiak sektorean eragindako kalte ekonomikoak suspertzeko asmoz, Getxoko Udalak tokiko turismoa sustatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan. 'Getxo bihotzetik' izeneko ekimena Ekonomia Sustapen saileko Turismo unitateak garatu egin du, eta Getxo Ekinez planaren barruan antolatu egin da.

'Getxo bihotzetik' ekimena tokiko enpresa-sarearekin eta udalerriko intereseko beste eragile batzuekin lankidetzan garatzen ari da, eta Enpresen Aholkularitza Foroak lehenetsitako proposamen batzuei erantzun nahi die. Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazi duenez, "proiektu honek helburu hirukoitza du: ostatu-gauak areagotzea; Bilbo-Bizkaiako enpresei MICE zerbitzuak eta baliabideak ezagutaraztea (bilerei, biltzarrei, konbentzioei, azokei edo bestelako ekitaldi profesionalei lotutako zerbitzuak); eta estatuko eta nazioarteko kalitatezko talde berriak Getxora erakartzea".

Urte amaierara arte garatuko den proiektu honen jarduera-ildo nagusiak honako hauek dira:

  • Zehaztea nola proiektatuko den eta udalerrira zer erakarri nahi den, Getxo markaren balioak identifikatuz eta gure produktuak eta zerbitzuak kokatzen lagunduko duten "istorioak" sortuz. Modu parte-hartzailean lan egingo da, mahai sektorialekin eta tokiko enpresa-sare osoarekin.
  • Laguntzea negozio- eta/edo zerbitzu-eredua berrikusi nahi duten enpresei, hobetzeko arloak definituz eta produktu eta esperientzia berriak zehaztuz, edota lehendik daudenak MICE merkatuan saltzeko egokituz.
  • Abian jartzea online komunikazio- eta merkaturatze-kanpaina bat.
  • Antolatzea alderantzizko merkaturatze-jardunaldiak: aurrez aurreko 5 fam-trip (operadore turistikoei edo bidaia-agentziei eskaintzen zaizkien kortesiazko bidaiak) eta 10 topaketa birtual.


"Getxo bihotzetik" proiektuan Getxoko edozein enpresak har dezake parte.

GETXO, HELMUGA SEGURUA

Era berean, "Getxo Ekinez" planaren barruan, Turismoko unitateak 15.000 euro inbertituko ditu sustapen-kanpaina bat egiteko "Helmuga Segurua" sektorearekin. Turistei eta bisitariei zuzendutako hedapen-kanpaina honen helburua segurtasuna sustatzea da, hartutako osasun-neurrien bidez, modu irisgarrian eta errazean. Irantzu Uriartek aurreratu duenez, "hainbat euskarriren bidez, osasun publikoan eskumena duten agintariek covid protokoloei buruz gaur egun ematen dituzten gomendioak eskuratzeko aukera emango dugu, baita ohiko bizilekura iristeko, egoteko eta itzultzeko ezartzen diren eta eragiten duten neurri espezifikoak ere".

Kanpainaren elementuetako batzuk hauek dira: sustapen-bideoak sare sozialetan, publizitate-euskarriak bide publiko eta garraiobideetan; informazio-triptikoak turistei eta bisitariei banatzeko; eta informazio-kartelak enpresentzat.

noticias de deia