Ekainaren 4tik 10era

Getxok bat egingo du Aste Berdearekin

31.05.2021 | 20:54

GETXO. Urtero bezala, Getxoko Udalak bat egingo du ekainaren 4tik 10era bitartean ospatuko den Aste Berdearekin. Aurten, Ingurumen Sailak antolatutako ekimen honek 'Zero kutsadura' eramango du gai nagusi bezala. Egun horietan zehar, hainbat ekintza eta jarduera garatuko dira herrian.

"Aurten Aste Berdea ospatuko dugu gure ingurumenaren ikuspegi ekologikoan sentsibilizatzen jarraitzeko. Eta, horretarako, jarduerak antolatuko ditugu, parte hartzeko eta gure hurbileko natura garbi mantentzearen eta harekin errespetuz jokatzearen garrantzia sentitzeko. Aurten, gizakiak sortutako hondakinei aurre egiteko eta etena jartzeko jarduerak proposatu ditugu. Naturan utzitako zabor horrek ekosistemen eta bertan bizi diren animalien zein landareen oreka aldatzen du", Joseba Arregi Ingurumen Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak azaldu duenez.

EGITARAUA

Aste Berdea ekainaren 4an (ostirala) abiatuko da, arratsaldean, itsasontzian irteera batekin (ordubeteko bi irteera egingo dira), familiartean gozatzeko jarduera ezin hobea, Abrako badiaren ingurumen-historia ezagutzeko, Imanol López Díaz gidari, aditu eta geologoaren eskutik. Egitarauaren barruan azpimarratzekoa den beste jarduera bat hondakinak biltzeko kayakean egingo den irteera da; horren helburua da ingurumenarekiko errespetua bezalako balio garrantzitsua indartzea eta plastikoen arazoez jabetzea. Irteera igandean, ekainak 6, egingo da, goizean, eta Kiorl Portutik ere abiatuta. Halaber, larunbatean, ekainak 5, arratsaldean, Algortako Geltokia plazak Bigarren Eskuko Azoka hartuko du; bertan, nahi duten pertsona guztiek, hainbat gauza saldu ahal izango dituzte: liburuak, jostailuak, apaingarriak, tresnak, kirol-objektuak, musika eta abar.

Horrez gain, Aste Berdearen egitarauak beste zenbait jarduera ere aurreikusten ditu, batzuk hitzordu ekologiko honetan ohikoak direnak eta beste batzuk berritzaileak. Horrela, ekainaren 4an, ostirala, ibilbidea egingo da bizikleta elektrikoan itsasertzetik, herriko erakargarritasun naturalak, historikoak eta kulturalak esploratzeko modu osasungarri eta ekologikoan.

Larunbatean, ekainak 5, Bigarren Eskuko Azokarekin batera, honako jarduera hauen txanda izango da: ohikoa den hegaztien eraztunketa Bolueko Hezegunean, Azkorriko txilardiak berreskuratzeko boluntariotza-ekintza, taldean egiteko raid abentura bat eta gaueko mendi-ibilaldi gidatua.

Igandean, ekainak 6, kayak irteeraz gain, beste hiru ibilbide gehiago izango dira: mendi-ibilbide zirkularra Getxon barrena, Etorkizuna taldearekin; geoibilbide bat edo iraganera bidaia Punta galean zehar, alderdi horretako historia eta bere flyscha ezagutzeko; eta azken ibilbide gidatu bat Algortako eta Areetako zuhaitzen ezaugarriak eta kontserbazio-egoera ezagutzeko.

Ekainaren 7tik 9ra, astelehenetik asteazkenera, Gurutze Gorriak ateak irekiko ditu Arriluzeko kaian, lehen laguntzek hondartzan duten garrantzia ikasteko. Salbamendu-erakustaldi eta –ontzi bat ikusteko aukera izango da.

Azkenik, Aste Berdeko azken egunetan, 7tik 10era, hainbat tailer antolatuko dira: baratze bertikala, cooking challenge (elikadura osasungarriko sukaldaritza-tailerra), natura eta artilezko mandalak.

Jarduera guztiak dohainik dira eta horietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea, telefonoz, 605 74 90 64, edo e-postaz, getxoasteberdea@gmail.com, hautatutako jarduera, izen-abizenak eta eskuko telefonoa zehaztuz. Euria egiten badu, jarduerak lekualdatuko dira.

noticias de deia