GETXO. Joan den ostiralean arratsaldean, maiatzak 21, 'Biba kantua!' izeneko kontzertua ospatu zen Muxikebarrin, 'Iparra galdu gabe' jardunaldien barruan antolatutakoa. Bertan, Euskal Kultur Erakundeko zuzendari ohi Pantxoa Etchegoienek omenaldi oso berezi bat jaso zuen bere ibilbideagatik Getxoko Udalaren partetik.

Etchegoinek iazko amaieran erretiroa hartu zuen eta omenaldiarekin Udalak aipatutako Jardunaldiak ospatzeko duela 20 urtez geroztik egindako lana nabarmendu nahi izan zuen, horri esker hango errealitatea hurbilago sentitu delako Getxon.

Ekitaldian Amaia Agirre alkateak bere zeregina urte hauetan guztietan nabarmendu zuen Aixerrota oroitgarria opatu zionean, eta esan zion “Pantxoa, zuk ondo dakizu, geografikoki Getxo eta Iparraldea ez daudela hurbil, baina hurbiltasun hori, tratuan sentitu dugu, harremanetan sentitu dugu, Euskal Kultur Erakundea eta bereziki zu, Pantxoa oso hurbil sentitu zaitugu. Erretreta hartu arren, Pantxoa, badakizu Getxon, besoak zabalik hartuko zaitugula eta espero dugu, bisitan etortzea nahi duzunean. Getxoko herriaren izenean, udalaren izenean, euskalgintzaren izenean, eskerrik beroenak eman nahi dizkizugu”.

Etchegoienek, bere aldetik, eskerrak eman zizkion Udalari eta 20 urte hauetan lortutako elkarlana biziki garrantzitsua dela azpimarratu zuen eta “datozen urteotan ere elkarlanaren bidetik jarraitu behar dugula esan zuen, ez bakarrik Iparra Galdu Gabe zikloaren barruan baita urte osoan zehar. Horretan, Euskal Kultur Erakundeak ere lan egingo duela” gehitu zuen.