GETXO. Getxoko Udalak 2.146.618 euroko kreditu gehigarria onartu egin du 'Getxo Ekinez 2021' programaren zati bat finantzatzeko diruzaintzako geldikinaren kargura egiteko. Programa hori koronabirusaren pandemiak epe labur eta ertaineko ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko sortu du Udalak.

Ostegunean sinatu zuten Amaia Agirre alkateak eta udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien bozeramaileek. Ostiralean onartutako 2,1 milioiko kreditua honako ekintza hauetara bideratuko da: ekonomiaren sustapena, gizarte integrazioa (Gurutze Gorriarentzat, Karitateko Alabentzat, Sortarazirentzat, Cáritasentzat eta Elikagaien Bankuarentzat), gizarte zerbitzuak, turismoaren sustapena eta informazioa, kulturartekotasuna eta immigrazioa, eta gazteei bideratutako sariak eta bekak.

Gainera oniritzia eman zaie 1,5 milioi euro inguruko beste kreditu gehigarri batzuei. Besteak beste, Getxo Kirolaken hainbat inbertsiotara bideratutako aurrekontua areagotzeko 671.455€ jarri dira aurten abiatu ahal izateko herritarrek parte hartzeko Thinking Fadura programatik eratorritako ekintzak: estalitako atletismoko zuzena (134.000€), errugbiko eta atletismoko harmailen proiektua (114.000€). Horrez gain, Fadura, Gobela eta Andra Mari kiroldegietan beste jarduketa batzuk ere egingo dira, 139.632 eurorekin. Hainbat azpiegituratarako 589.447€ ere erabiliko dira; esate baterako, Miramar kalearen urbanizazioa (300.000€), San Inazioko komunak ezarri eta hobetzea (48.000€), eta bide publikoko beste jarduketa batzuk, estolderiakoak, argiztapenekoak... Horrez gain, 48.000€ bideratuko dira herritarren artean euskararen erabilera areagotzera-Euskaraldia 2021/22.

Eztabaidan zehar, PPk honako hau adierazi du: “Getxon badaude kirol arloko beste lehentasun batzuk, Thinking Fadura prozesuarekin erabakitzen ez direnak eta herritarrak ordezkatzen dituzten alderdien bermea dutenak”. Bestalde, EH Bilduk honako hau salatu du: “Koherentzia falta onetsi berri diren aurrekontuak idaztean, eta orain %7 baino gehiago aldatu izana, Getxo Kirolaken kasuan”. Elkarrekin Podemosek, aldiz, “Getxo Kirolakerako etengabeko finantzaketaren jarioa” salatu du: “Nolabait, inprobisatuz jarduten da, eta ez dago epe labur-ertainerako aurreikuspenik”.

Edonola ere, udal gobernuak azpimarratu du partidak parte hartze izaerako Thinking Fadura “prozedura bizian” planifikatuta daudela. Horren bidez, aurreikusita dago aurten lizitaziora ateratzea garagardotegi zaharraren berreraikuntza, kirol kluben zentro sozial gisa eta kirol berrikuntzarekin lotutako ekimenetarako ekintzailetza zentro gisa. Bestalde, frontoien eraikinaren egitura indartzeko proiektuaren idazketa adjudikatu da. Horrek ahalbidetuko du erabilerak berritu eta beste kirol diziplina batzuetara hedatzea. Diziplina horiek sortu dira neskatoak eta emakumeak masiboki hasi direlako jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako praktikan. “Gaur proposatutako finantzaketak aurrera egiten du lortu nahi dugun kirol parke irekia izateko ibili beharreko bide horretan. Bada, zerbitzuak, instalazioak eta gobernantza ereduak berritu bitartean instalazio egokiak, seguruak eta erosoak eskaintzen jarraitu behar du”.

2020KO AURREKONTU OROKORRAREN LIKIDAZIOA

Munduko pandemiak eta horren ondorio sozial eta ekonomikoek markatutako 2020. urtean gutxitu egin zen diru-bilketa. Horrenbestez, diru-sarrera errealek ez zituzten bete diru-sarreren hasierako aurreikuspenak. 5.842.691€ gutxiago sartu ziren, batez ere beste administrazio publiko batzetatik jasotako zenbatekoa gutxitu izanaren ondorioz (4,5 milioi gutxiago). Hori Udalkutxaren beherakadak eragin zuen bereziki, baina udal tasak (3,7 milioi euro) ez kobratzeak ere bai, Getxo Kirolaken kasuan, esaterako.

“Hala ere, kudeaketa propioko zergen bilketatik eratorritako diru-sarrerak hasieran aurreikusi baino hobeto joan ziren. Diru-bilketaren kudeaketan ezarritako hobekuntzen emaitza ona eta udal zerga ikuskaritza zerbitzuaren emaitza onak nabarmendu behar dira”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Ignacio Uriartek.

Gastuei dagokienez, 5.000.000€ inguru pandemiaren ondoriozko aparteko ekintza espezifikoetara bideratu ziren, aurrekontu arruntean jada jasotako horiei gehituta.

“Covid-19ari lotutako igoerekin ere, lortu genuen kanpoko kontratazioetako gastua 1.769.436 eurotan murriztea 2019koarekin alderatuta. Eta, zailtasunak zailtasun, 9.595.339,64 euroko inbertsioak gauzatu ahal izan ditugu, Algortako Manuel Gaintza aparkaleku berria kasu”, azpimarratu du Uriartek.

MOZIOAK

M8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpen instituzionalaren berri emateaz gain, mozioen atalean, lekukotza izaerarekin, lau onartu egin dira. Lehenengoa, PPk aurkeztua eta udal gobernuak trantsakzionatua, Getxoko lekurik jendetsuenetan hautsontziak jartzeari buruzkoa izan da. Ildo horretatik, jakinarazi da aurten hautsontzidun 125 zakarrontzi jartzea aurreikusten dela, eta hurrengo ekitaldirako beste 125 aurreikusi direla. Bigarrena ere PPk proposatu du, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko Bizkaibusi zerbitzua ematen dioten autobus geltokietan markesinak jartzeko.

Horrez gain, EH-Bilduk proposatutako mozio bat onartu da, Udalak elikagaiak alferrik galtzearen aurkako manifestuari atxikitzeko, eta osoko bilkurari bi hilabeteko epean elikagaiak xahutzearen aurkako premiazko lehen neurriak eta lau hilabeteko epean hiru urterako plangintza aurkezteko.

Azkenik, Elkarrekin Podemosetik abiatutako mozio bat aurrera atera da, Udal Gobernuak transakzionatu duena, Udala behar diren puntuetan indartu dadin, naturan hondakinak gutxiago uzteko; horrez gain, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak bultzatu eta garatzea proposatzen du mozioak, hondakinak ingurumenean bertan behera uzteak dituen ondorioak erakusteko, bai eta Getxoko herritarrek hori saihesteko izan dezaketen zeregina erakusteko ere.