Martxoaren 27an

Getxok bat egingo du larunbatean Planetaren Orduarekin

22.03.2021 | 19:47

GETXO. Datorren larunbatean, martxoak 27, Naturaren aldeko Mundu Fondoak (WWF) sustatutako Planetaren Ordua izeneko ekimena ospatuko da mundu osoan. Urtero bezala, Getxoko Udalak bat egingo du klima-aldaketaren aurkako borrokan ingurumen arloko mobilizazio-kanpainarik handiena den ekimen honekin. 

WWFren arabera, "2021 biodibertsitaterako eta naturaren defentsarako funtsezko hamarkadaren hasiera da, eta mundu-mailako hitzordu handiak ditu, hala nola Kunmingeko Aniztasun Biologikoaren Gailurra eta Glasgoweko Klimaren Gailurra. Mundu osoan urte asko eman ondoren, trantsizio ekologikoa martxan dago, gobernuak, hiriak, enpresak eta herritarrak mobilizatzen ari dira eta naturaren eta klimaren aldeko milaka ekimen gauzatzen ari dira. Baina anbizio eta azkartasun handiagoa behar dugu, klima-aldaketak eta naturaren galerak, biak batuta, arriskuan jartzen baitute gure bizi-kalitatea eta etorkizuneko belaunaldiena".

Aurrekoetan bezala, Udalak Andrés Isasi Musika Eskolako argiak, Areetako eta Arrigunagako hondartzetako paisaia-luminariak, Evaristo Churruca kaiko argi apaingarriak eta Portu Zaharreko zelaigunekoak amatatuko ditu ordubetez, larunbateko 20:30etik 21:30era.

Era berean, Udalak konpromisoa hartzen du ekimena herritarren artean zabaltzeko sare sozialen eta hedabideen bitartez; eta kanpainaren bultzatzaileek energia aurrezteko proposatutako energia-eraginkortasunerako zenbait neurri hartzeko: hiritarrei gonbitea luzatzen zaie beren etxeetan gutxienez astean behin energia aurrezteko, erabilera bakarreko plastikoak ez erabiltzeko eta garraiobide publikoan bidaiatzeko.

Udalak gonbitea luzatzen die getxotarrei naturaren aldeko ekintza honekin bat egin dezaten. Kanpainan parte hartzeko, eman ezazu izena hemen.