BILBO. Joan den azaroan, getxotarrek bultzatu edota egindako kulturarekin erlazionatutako proiektuen erakustea sustatzea helburu duen deialdi bat ireki zen. Orain, Getxoko Kultur Etxeak ezagutzera eman ditu dagoeneko urtean zehar udal zentroetako programazioan parte hartuko duten hamabi proiektuak.

Guztira, 33 proiektu aurkeztu ziren Getxoko kultur enpresa eta elkarteei zuzendutako deialdi horretara eta, Getxoko Kultur Etxeko teknikariek eginiko hautaketa-prozesuaren ondoren, aipatutako hamabiak aukeratu dira honako irizpide hauekin: kalitatea, originaltasuna, udalerriarekiko lotura eta bideragarritasun teknikoa. Hautatutako proposamenek zenbait diziplina hartzen dituzte: antzerkia, dantza, musika, ikus-entzunezkoak, zinea eta esku-hartze artistikoa. Hurrengo asteetan jakinaraziko dira publikoki hamabi egitasmo hautatuak eta euren xehetasunak.

Proposamenak Muxikebarriko areto guztietan edota Romo Kultur Etxeko areto nagusian programatuak izateko diseinatu dira eta halaxe egingo da 2021. urtean zehar. Kultur Etxeak ikuskizunen berri emango du bere ohiko komunikabideen bitartez eta jakinaraziko du noiz erakutsiko diren.

Guztira, Kultur Etxeak 100.000 euro bideratuko ditu proiektuak erakusteko. Deialdiari esleitutako dirua osasun-egoera dela eta iaz bertan behera geratu ziren herriko jaien baliabide ekonomikoetatik dator. Ekimen hau kultura bultzatu eta sektore artistikoari laguntzeko hiruko programa baten barnean dago, sormen kulturala eta formakuntza eta profesionalizaziorako deialdiekin batera.