GETXO. Getxoko Udalak martxan jarri du 'Getxon gozatzeko planak 2021' programaren edizio berria. Hala, zabalik dago dagoeneko egitasmoan parte hartzeko izena emateko epea. Getxoko enpresek urtarrilaren 10era arte izango dute denbora beraien esperientzien eta jarduera turistikoen eskaintza ekimenean txertatzeko.

Helburua da kontsumitzaileari hurbiltzea Getxon egin daitezkeen esperientzia turistikoen eskaintza osoa. Alde batetik, baliabide ezagunenen aurrean beste plan batzuk proposatzea, “xarmadunak”, Getxo dagoeneko ezagutzen duten bisitari eta txangozaleak anima daitezen udalerrira berriro etortzera; eta bestetik, udalerrira etorritako turista eta bisitarien egonaldia luzatzea, horren guztiaren helburua izanik bertako enpresetan eta Getxo osoan eragin ekonomiko handiagoa lortzea.

Ekimen hau zabaltzeko, “Getxon gozatzeko Planak 2021” liburuxka argitaratzeaz gain, ekimena sustatzeko eta hedatzeko kanpaina bat egingo da, besteak beste honakoak bilduko dituena: @GetxoTurismo sare sozialak, web orrialdea, publizitate-euskarriak, eta beste elementu batzuk jende asko biltzen den eremuetan.

2020an, ekimen honen bidez bertako 270 enpresaren eskaintza turistikoa sustatu eta zabaldu zen, honela egituratuta agertzen zelarik: Getxo Kosta, Getxo Monumental-Kulturala, Getxo Aktiboa eta Ongizatea, eta Getxo Enogastronomikoa.

Ekimenean parte har dezake bertakoa den edota Getxon jarduera nagusia duen edozein enpresak eta bisitariei eta turistei zerbitzuak edota esperientziak eskaini ahal dizkietenak, haiek helmugan eduki ohi dituzten beharren ildotik. Atxikimendua doakoa da enpresentzat.