GETXO. Hemen da Argia Ereiten lehiaketaren edizio berri bat. Aurten euskararen gizarte erabilera babestea eta sustatzen duten erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoak saritzea helburu duen ekimen honen hamaikagarren edizioa ospatuko da. Sariketan parte hartu nahi dutenek urriaren 23ra arte izango dute epea zabalik euren hautagaitzak aurkezteko.

Hautagaiak aurkezteko fitxa posta elektronikoz euskara@getxo.eus helbidera bidal daiteke edo posta arruntez Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzura (Foru kalea 1. 48992 Getxo), eta baita Getxoko Udalaren webgunean dagoen formularioa bete daiteke ere. Saria Ibon Garagarza eskultore getxotarraren lana da.

AURREKO SARIAK

Lehen edizioaren irabazlea Laura Lapeyra izan zen. SaridunakJuan Bautista Zabalaikastetxeko Gurasoen Elkartean euskararen erabileraren alde egindako lanagatik jaso zuen saria. Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zen, bizitza osoa hizkuntza sustatzera dedikatzeagatik; hirugarrena San Nikolas ikastolarentzat, bere 50.urteurrenean euskarazko heziketan burututako lanagatik; laugarrena Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzaren alde egindako lanagatik; bosgarrena Gobela Ikastolarentzat, bere 50.urteurrenean; seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskararen alde egindako lana, eta bereziki udalerrian duela 20 urte baino gehiago abian jarritako Berbalaguna aitortzeko, zazpigarrena Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagatik, zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari, bere kirol jardueran euskara sustatzeagatik; bederatzigarrena ALBErentzat 1980an sortu zenez geroztik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik, eta hamargarrena Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzaileari, klubaren barruan euskara sustatzeagatik.