PLENTZIA. Bi kasu positibo detektatu ondoren, Plentziako Casa de Marinos eta Bahía de Plentzia hotelek ateak berehala itxi egin zituzten, guztion segurtasunerako. Orain, segurtasun protokolo guztiak errespetatuz, berriro ireki egin dute.

"Langile guztiei egin beharreko proba diagnostikoak egin ondoren, eta, gure langileei zein bezeroei osasun-segurtasuna bermatzeko, eraikin osoa birus desinfektatzaile homologatuekin garbitu eta desinfektatu ondoren, atzo, abuztuak 19, asteazkena, berriz ireki ditugu", jakinarazi dute Casa de Marinos hoteleko arduradunek. Bestalde, Bahía de Plentzia hotelak jakitera eman duenez, "joan den astean iragarri genuen segurtasun protokoloa amaitu dugu, osasun proba guztiak egin ditugu emaitza negatiboarekin, eta kafetegia eta jatetxea desinfektatu ditugu; beraz, abuztuaren 20tik aurrera ireki egingo dugu".

Bi establezimenduek hainbat babes eta animo-mezu jaso dituzte bezeroen aldetik, bai sare sozialetan, bai telefonoz, eta publikoki eskertu dute hiribilduak eta bisitatu ohi dutenek erakutsitako estimua. Horrela, Plentziak normaltasun turistikoa berreskuratuko du bere bi establezimendu turistiko nagusiak berriro irekiz, erregistratutako datuak itsas hiribilduak zituen aurreikuspenak gainditzen ari diren uda honetan.

Plentziako turismo-bulegoak 1.208 bisita izan ditu uda honetan, batez ere Bizkaikoak (%43), Madrilgoak (%14), Kataluniakoak (%7) eta Frantziakoak (%5). Turismo-jardueran Covid-19ak ondorio negatiboak izan baditu ere, turismo-bulegora joan diren bisitarien kopurua azken hiru urteetako uztailean bulegoa bisitatu zuten pertsonen batez bestekoaren %70era iritsi da, "bisitatzen gaituzten pertsonen profila aldatu da, orain hurbiltasun handiagoko turistak dira, baina udalerrian denbora gehiago ematen dute eta interes berezia dute historia, gastronomia eta gure ingurunea ezagutzeko ", adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Izan ere, Udalak positiboki baloratzen ditu udako lehen emaitzak turismo-jarduerari dagokionez, "eskertzen dugu turismo-enpresek, ostalaritzak eta merkataritzak errealitate berri honetara egokitzeko egin duten lan garrantzitsua, bisitatzen gaituztenei kalitate oso handiko turismoeskaintza eskainiz eta gure hiribildua opor-egun batzuk hartzeko tokirik onenetakotzat hartzeko behar diren bermeekin" esan du Elixabete Uribarrik.

Ekainean, berriz ireki zen jendearentzako turismo-bulegoa, bisitarientzako arreta-zerbitzua egokitu ondoren, Covid-19 gabeko zerbitzua bermatzeko, edukiera mugekin, babeselementuekin eta pantaila bidezko arreta emanez, hiribilduaren erakargarritasun turistikoak zehatz-mehatz azaltzeko, segurtasun-distantziak mantenduz.

Uztailaren 1etik aurrera, Plentzia, Turismo Bulegoen Euskal Sarean (Itourbask) sartu da, eta hori aurrerapauso garrantzitsua izan da Euskadiko gainerako turismo-bulegoekin informazio egokia eta koordinatua eskaintzeko eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan eskaintzen dituen estatistika ofizialetan parte hartzeko. Hala, Uribe Kostak orain bere turismo-bulego guztiak ditu bulego-sare garrantzitsu horren barruan, eta Plentzia da azken urteotan sare horretan sartu ez den bakarra.