SOPELA. Sopelako Udalak 45.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du Sope-LAN izeneko programa martxan jartzeko. Programa honen bidez, Udaleko Enplegua eta Ekonomia Sustatzeko Arloak hiru motatako dirulaguntzak eskainiko ditu. Diru-laguntzak 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean (biak barne), abian jarritako proiektuetarako bideratuko dira eta honako lerroez osaturik daude:

  • Enpresa-proiektu berriak sortzeko diru-laguntzak (2. edizioa): 15.000 euro.
  • Langabeak kontratatzeko diru-laguntzak: 10.000 euro.
  • Langile autonomoak eta mikroenpresak berritzeko eta lehiakorragoak egiteko diru-laguntzak: 20.000 euro.

Eskariak aurkezteko epea ekainaren 20tik irailaren 30era arte egongo da zabalik. Diru-laguntzak eskatzeko inprimakia eta deialdiaren oinarriak interesdunen eskura daude bai www.sopela.eus webgunean bai udal bulegoetan ere.

Udalerriaren garapena eta sustapen ekonomikoa, enplegua sortzea, enplegagarritasuna hobetzea, gizarteratzea eta bizi-kalitatearen nahiz ongizatearen kalitatea hobetzea dira Sopelako Udaleko Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko Arloak garatzen dituen politiken funtsezko ardatzak. Testuinguru horretan, hain zuzen ere, Sope-Lan izeneko laguntza-programa abiarazi da. Programak honakoak ditu helburu, besteak beste: enpresa- proiektu berriak sortzea, langabetuak kontratatzea eta udalerriko langile autonomoak zein mikroenpresak sustatzea. Ildo horretan, diru-laguntzak emango zaizkie modernizatzeko inbertsioak egiteko eta ekipamendu teknologikoak hobetzeko.

Koronabirusak udalerriko merkataritza-, ostalaritza- eta enpresa-sektorean izaten ari den eragin ekonomiko eta sozialaren aurrean, Sope-LAN programa, Sopelako sare ekonomikoa suspertzen eta lanpostu berriak mantentzen edo sortzen laguntzeko beste ekimen bat bezala aurkezten da.