Asteburuan zehar

65 pertsona salatu dituzte Getxon segurtasun-neurriak ez errespetatzeagatik

11.08.2020 | 19:49

GETXO. Mundu osoa isolatzen ari den koronabirusaren pandemiak konfinamendua betetzera behartu gintuenean, egoera honetatik pertsona hobeak izanda esaten zuen jendeak. Honetatik lagunkoiagoak irtengo ginela, arduratsuagoak izanda eta erantzukizun handiagoarekin. Baina, antza, hori ez da horrela izan. Jende askori ahaztu egin zaio dagoeneko pasatu behar izan dugun guztia, hil diren pertsona guztiak (eta tamalez hilko direnak oraindik), behin-betiko itxi behar izan dituzten establezimendu guztiak...

Bada, Getxoko Udaltzaingoak 65 salaketa jarri ditu asteburu honetan zehar (abuztuaren 7tik 9ra bitartean) erakunde publikoek sustatutako osasun araudia ez betetzeagatik. Herritarren osasuna babesteko asmoz, Udaltzaingoak bere lana areagotu du hainbat gunetan, eguneko aisialdian zein gaueko aisialdian.

Abuztuaren 7an, ostirala, eta abuztuaren 9ko goizaldera arte, prebentzio-dispositibo bat jarri zen martxan osasun-araudia betetzeko. Horren ondorioz, 43 pertsona salatu zituzten maskara ez eramateagatik (nahitaez erabili behar da) eta beste 22 pertsona bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik. Gazte-lonja baten beste hiru erabiltzaile salatu dira, eta lonja ixteko agindu da.

Era berean, polizia-presentzia areagotu egin da parke eta aisialdi-guneetako inguruetan, gelditze eta botiloi posibleak detektatzeko eta, horrela, horiek egitea saihesteko.

Udaltzaingoak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, pertsonen osasun orokorraren aurkako jokabideak prebenitzeko eta, hala badagokio, desagerrarazteko, eta, hala, guztion artean gainditu ahal izateko osasun-krisi hau.