GETXO. Laguntza Komunitarioa ekimen solidarioak Getxon finkatuta dauden familia errefuxiatuei laguntza eskaintzen die, beren egunereko jarduerak egiteko babesa izan dezaten. Orain, herriko 15 gazte batu egin dira adingabeentzako jardueretan laguntzeko, Auzolana, errefuxiatuei harrera egiteko programaren esparruan.

Programa hori estatuko gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Getxoko udalaren lankidetza instituzionalaren emaitza da, eta errefuxiatuen familien harrera koordinatzen du, estatuan CEAR, eta udalerrian Getxoko Perualde GKEren parte-hartzearekin. 2017ra arte, Getxok CEARen etxebizitza batean hartzen zituen familia errefuxiatuak, estatuko gobernuarekin hitzartuta, eta urte horretatik aurrera, Auzolana programaren bidez, beste bi etxebizitza gehiagotan, Getxoko udalak Eusko Jaurlaritzari utzita.

Getxok beste urrats bat eman nahi izan du bere konpromiso solidarioa betetzeko, eta Auzolana+ programaren bidez, aipatutako etxebizitzez gain, laguntza osagarriak eskaintzen dizkie lehenengo aldian (18 edo 24 hilabetekoa ere izan daiteke), hainbat arrazoi direla medio, enplegua lortu ez duten familiei, harik eta lan-irteera bat aurkitu arte, edo Euskal Berme Sistemari heldu ahal dioten arte. Aldi berean, Babes edo Laguntza Komunitarioko programa bat garatzen du, Perualderekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak prentsaurrekoan nabarmendu du tokikoak harrera kudeatzeko duen gaitasuna, udalerrian oinarria eta errotzea sortzeko, eta adierazi du harrera-prozesuek bi norabideko izaera hartzen dutela, sareak sortzen dituztelako, elkartasuna sustatzen dutelako...

Hain zuzen ere, udalerriko 15 gazte parte hartzen ari dira Laguntza Komunitarioan, familia errefuxiatuen adingabe eta nerabeei laguntzeko eta haiekin aisialdiko jarduerak egiteko.

Talde horren jatorria udalerriko Zurrumurrurik Ez taldea izan da, eta beraiei beste gazte batzuk gehitu zaizkio. “Udalaren konpromisoa da errefuxiatuei laguntzeko erakunde arteko programa honetan laguntzen jarraitzea, gure udalerrian familiak integratzeko beharrezkoak diren laguntzekin segitzea eta beharrezko laguntza komunitarioa bultzatzea. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu gazte-talde honen ekimena, eta, horregatik zoriontzen ditugu. Hemendik, herritarrak animatzen ditugu zeregin horrekin eta sor daitezkeen beste batzuekin bat egitera. Aldi berean, eskerrak ematen dizkiegu boluntarioei, Perualderi eta inplikatutako gainerako erakundeei haien laguntzagatik”, adierazi du Carmen Diazek.

Une honetan, besteak beste, Siriatik, Venezuelatik eta Hondurasetik etorritako 9 familia errefuxiatu bizi dira udalerrian. Aurreko urteetan beste 8 familia gehiago bizi izan dira, eta arrazoi desberdinengatik beste udalerri batzuetara edo atzerrira joan dira.

LAGUNTZA-EKINTZAK

Laguntza-programa Auzolana+ programaren parte da. Programa hori udalerrian garatzen ari da, udalak eta Perualdek sinatutako hitzarmen baten bidez, eta administrazioak eta gizarte-erakundeek elkarrekin egindako lanaren adibidea da. Helburua da familiei beren burua eskaintzea eguneroko gai errazetan laguntzeko (osasuna, administrazio-izapideak, parkean sozializatzea) edo haien eskaerei erantzutea, bizilagun gisa, haien isolamendua eta bakardade-pertzepzioa hautsiz.

Uztailean zehar, 14 eta 17 urte bitarteko gazte-talde batek lagundu diete familiei, adin txikikoez arduratzen, beren amak gaztelerazko eskoletara joaten diren bitartean, plazan jarduerak antolatzen edo gazte nerabeekin txangoak egiten, Asier Arpide GKEko proiektuen arduradunak azaldu duenez, beti ere elkar ezagutzeko, elkarrekin errealitate bat sortzeko eta elkarrekin gauzak egiteko asmoarekin, aisialdi partekatuko talde bat sendotuz, migrazio-prozesuei buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa lantzearekin batera. Asmoa da hilaren amaierara arte jarraitzea, eta irailetik aurrera jarduerari berriz ekitea.