OGP Euskadik antolatutako foro batean

Thinking Fadura prozesuari buruzko ikaskuntzak aurkeztu ditu Getxo Kirolakek

22.07.2020 | 16:01

GETXO. Getxo Kirolakek Thinking Fadura proiektuari buruzko ikaskuntzak aurkeztu zituen atzo, hilak 21, Euskadiko Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzak (OGP Euskadi) antolatutako foro irekian. Proiektua herritarrekin eta udalerriko kirolen elkarte-ehunarekin batera burutu du. Zehazki, hilabete hauetan zehar egindako azterketa herritarren parte-hartzearen inpaktuan oinarritu da, Herri Administrazioaren barne-egituraren ikuspegitik erreparatuta.

Getxo Kirolak-ek OGP Euskadiren laguntza eta gainbegiratzearekin burututako analisiaren asmoa da, Thinking Faduraren esperientzia zehatzaren bitartez, Administrazio Publikoak, oro har, herritarrek parte hartzeko prozesuetan aurkeztutako proposamenak abian jartzerakoan dituen zailtasunak identifikatzea. Modu horretan, honako hauek bezalako erronkak identifikatu dira: erakundeen barnean herritarren parte-hartzea denaren ikuspegi partekatua adosteko beharra; politika publikoak egiterakoan herritarren ekarpenak sartzeko barne-prestakuntzaren premia; prozesu-mota horietako agente guztiek partekaturiko esparru komuna definitzeko beharra; eta aukerak kudeatzeak eta prozesuen fase ezberdinak modu egokian komunikatzeak duten garrantzia.

Getxo Kirolak-ek Thinking Fadura proiektuaren inguruan proposaturiko lana OGP Euskadik aztertutako lau esperientziatako bat da. Horrekin batera, beste hauek aurkeztu dira: parte hartzeko aurrekontuak, Gipuzkoako Foru Aldundiarenak; migratzaileek parte-hartze sozialean duten inplikazioaren analisia, Bilboko Udalak garatua; eta herritarren parte-hartzea neurtzeko sistema bat ezartzea osasuna eta ongizatea sortzeko baliabide gisa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarritakoa.

Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantza (Open Government Partnership - OGP) gobernantzan eta gardentasunean erreferentziazkoa den nazioarteko izaerako erakundea da, eta proiektuak bultzatzen ditu gobernuei irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentiberagoak izaten laguntzearren. Euskadik 2018az geroztik parte hartzen du proiektuan OGP Euskadiren bitartez. Parte hartzen duten munduko 20 eskualdetako bat da. OGP Euskadi kontsortzioa Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek nahiz hiru euskal hiriburutako Udalek eta autonomia erkidegoko beste herri batzuetakoek osatzen dute, gobernu irekiaren inguruan hausnartzeko eta ikasteko.

Getxo Kirolak-ek burututako esperientziaren azterketari buruzko lan osoa Thinking Faduraren web orrialdean kontsultatu ahal izango da, eta hori nahiz gainerako azterketak OGP Euskadiren web orrialdean eskuratu ahal izango dira: www.ogp.euskadi.eus.

THINKING FADURA NAZIOARTEKO ARGITALPENETAN

Thinking Fadura proiektuaren eta herritarren parte-hartzearen esperientziak interesa piztu du baita ere bi argitalpen ospetsutan: Mexikoko U-GOBen egoitza duen Iberoamerikako aldizkarian eta Liman (Peru) egoitza duen Hiriko Esku-hartzeen V. Foroak laster argitaratuko duen aldizkarian.

U-GOB 50.000 harpidetza inguru dituen informazio-bide bat da, eta Latinoamerikan eta Espainian berrikuntza publikoko proiektuak biltzen ditu. Aldizkari digitalaren azken zenbakian, 5 orrialdeko artikulu bat argitaratu du, eta, bertan, Fadurako kiroldegia kirol parke publiko bilakatzeko orain arte gindako lana laburbiltzen du.

Era berean, eta Hiriko Esku-hartzeen V. Foroaren testuinguruan, aldizkari bat argitaratuko da Thinking Faduran orain arte garatutako lanari buruzko artikuluarekin. Foroa hirien plangintza eta kudeaketari buruzko eztabaida-gunea da, herritarrek osatutako taldeek sustatua. Aurreko edizioetan, Kolonbia, Txile, Argentina, Mexiko, Brasil, Estatu Batuak, Australia eta Erresuma Batua bezalako herrialdeetako 2.000 parte-hartzaile bildu dira bertan.

noticias de deia