GETXO. Hurrengo asteazkenean, hilak 15, lau hilabete itxita eman ondoren, Fadurako kiroldegiko hainbat instalazio irekiko dira berriro. Konkretuki, fase berri honetan irekiko diren instalazioak fitness muskulazioko gimnasioa, tenis eta padeleko pista estaliak, belar artifizialeko 5. futbol-zelaia eta pilotalekuak dira.

Horrez gain, jarduera horietarako eta pasa den ekainaren 19az geroztik igerilekuetara joaten direnentzat, aldagela-kopuru mugatu bat jarriko da dutxa eta guzti. Jarduera horiek guztiak soilik Getxo Kirolak-eko abonatuek egin ahal izango dituzte.

Fitness muskulazioko gimnasioari dagokionean, covid-19aren efektuek eragindako geraldia aprobetxatu da alboko bi gela egokitzeko, ariketa kardiobaskularreko makinak eta entrenamendu funtzionala egiteko espazio berriak banatzeko. Modu horretan, gimnasioak 400 metro karratuko azalera izatetik ia 700 metro karratu izango ditu, eta makinak tarte handiagoarekin kokatuko dira erabiltzaileen artean segurtasun-tartea bermatzearren. Gimnasioari dagokionean, halaber, beste berrikuntza bat da astelehenetik ostiralera 7:30etik 21:30era irekitzeaz gain, larunbata, igande eta jai-egunetan ere irekiko dela 10:00etatik 14:00etara. Uztailaren 15etik 20ra bitarte sarrera doan izango da, eta egun horretatik aurrera ohiko prezioa izango du (37,40 euro /hilabeteko). Espazioa zabaltzearen ondorioz, ez da beharrezkoa aldez aurretiko hitzordua hartzea, edukiera-arazorik aurreikusten ez delako.

Bestalde, tenis eta padeleko pisten eta pilotalekuen erreserbak Getxo Kirolak-en web orrialdean egingo dira ohiko prozedurari jarraiki. Era berean, belar artifizialeko 5. futbol-zelairako erreserba doakoa izango da baina derrigorrezkoa, eta atletismoko pistara eta belodromora sartzeko bezala, Getxo Kirolak-en web orrialdean erreserbatu ahal izango da. Kanpoko zonako kirol-instalazioen ordutegia ohikoa izango da, 8:00etatik 21:30era.

Nobedade gisa, Fadurako kanpoko zonan kokatutako instalazio horietara frontoietako sarreratik sartu ahal izango da, eta irekieratik erabili diren bi sarrerak eskura egongo dira: garagardotegi zaharraren ondoko sarrera, Makaletako etorbidekoa, eta Iturgitxiko zonan dagoen atea ere bai, belodromoaren eta errugbiko zelaiaren ondokoa.

Ekipamendu horiez guztiez gain, gogoratu pasa den ekainaren 19az geroztik erabili daitezkeela baita ere udako igerilekuak eta jatetxe- eta ostalaritza-zerbitzua.

Gobela eta Andra Mariko kiroldegiei dagokienez, itxita egongo dira oraingoz instalazio nagusiak barrukoak direlako eta aireztapen mekanikoa behar dutelako; beraz, ez da komeni horiek irekitzea, cobid-19aren salbuespen-egoera kontuan hartuta.

ABONAMENDU-KUOTAK ITZULTZEA

Getxo Kirolak-ek datozen egunetan itzuliko die pertsona abonatuei martxoaren 14an alarma-egoera dekretatu zenetik aurrera denboraldiari dagokion kuota. Horrekin batera, eman ezin izan ziren kirol-ikastaroen kuotak ere itzultzen ari dira, eta udal-erakundeak oraindik abian jarri gabeko zerbitzu ezberdinetara sartzeko bazkideak ez diren pertsonek erositako bonoak ere itzuliko dira.