GETXO. Getxoko Udalak 211.430 euro bideratuko ditu proiektu sozialak sustatzeko. Horrela erabaki du Tokiko Batzarrak, zeinak udalerrian jarduerak aurrera eramaten dituzten irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko eta tokiko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean aritzen diren entitateen artean banatzea onartu duen.

Deialdiaren helburu nagusiak dira gizarte kohesio handiagoa sustatzea, udalerriko elkarteak eta boluntarioak bultzatzea, eta alor publiko eta hirugarren sektorearen arteko elkarlana eta prestazio eta zerbitzuak aurrera eramateko gizarte ekimena laguntzea.

Aurtengo berritasuna da deialdi honetan hezkuntza alorreko diru-laguntzak ere atera direla, aurreko urteotan deialdi propioa izan dutenean. Horregatik, diru-laguntza hauen hartzaileak dira udalean, Eusko Jaurlaritzan eta/edo erregistro publikoan izena emanda duten entitateak, elkarteak edo federazioak eta baita ikastetxe publikoak ere, hain zuzen ere udalerrian jarduerak garantzen dituzten eta/edo udalerriko biztanleei zuzendutakoak eta Gizarte Kohesioaren arloarekin lankidetzan aritzen direnak.

SEI DIRULAGUNTZA ILDO

Oraingoan udalak sei diru-laguntza ildo ezarri ditu, hurrengo zenbatekoekin:

  • 50.000€ udalerriko erakundeen ohiko jardueraren funtzionamendurako edo/eta mantentzeko.
  • 10.000€ Getxorako interesezko proiektu zehatzetarako.
  • 6.000€ proiektu esperimentaletarako edo berritzailetarako.
  • 56.500€ parte-hartzea eta pertsona adinduengan zahartze aktiboa sustatzeko.
  • 24.000€ oinarrizko beharrak (gizarte jangela, dutxak eta garbitegia) estaltzeko.
  • 64.930€ hezkuntza alorrerako, zehazki, Getxoko ikastetxeetako ikasleentzako ingurumen-hezkuntzako proiektutarako, eta ikastetxeek eta/edo ikasleen gurasoen elkarteek egindako ekintzetarako eta jardueretarako, proiektu eta jarduera interesgarriak egite aldera.

Udalak gehienez proiektuen % 75a lagunduko du diruz, eta proiektuei dagokien exekuzioa eta justifikazioa % 100a beharrezkoa izan beharko da. Eskaerak aurkezteko epea bihartik, uztailaren 4tik 18ra izango da, HABetan (946620099, edo esteka honetan), Gizarte Zerbitzuen egoitzan (Algortako Urgul, z/g, 944660101), beti aldez aurretiko hitzorduarekin. Era berean, Administrazio Elektronikoaren Bulegoan eta legeak aurreikusitako tokietan ere aurkeztu ahal izango dira. Informazio gehiago udal webgunean.