GETXO. Hurrengo ostiraletik aurrera, hilak 3, Getxoko Udalak 30 km/h-ko gehienezko abiadura muga ezarriko du hiribilbe ia guztian. Egun horretan bertan amaituko dira seinale bertikalak ipintzeko lanak, eta momentu horretatik aurrera abiadura mugatuta geratuko da. Neurri honen helburu nagusia oinezkoen, txirrindularien eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen arteko bizikidetza eta segurtasuna erraztea da.

Eremu horiek abian jartzeko erritmoa azkartu egin da pandemiaren ondorioz, nahiz eta Getxoko 2017-2030eko Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planean (HMIP) jasota egon aurten ezartzeko. Horrenbestez, Getxo da neurri hori ia kale guztietan aplikatu duen lehen udalerrietako bat, Bilbo bezalako beste hiri batzuei jarraituz.

Udalak dekretu bat egin du 30eko eremu horiek hiri-sarean ezartzeari buruz, eta, horrek ekarriko dituen ondorioak, dekretuan aipatzen denaren arabera, honako hauek dira: "zirkulazioa baretzea eta murriztea, gidatzeko ohiturak aldatzea, airearen kalitatea hobetzea, kutsadura akustikoa murriztea eta bizikleta-trafikoa galtzadan oinezkoekin eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuekin integratzea erraztea, aldi berean herritarren osasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzen eta segurtasuna handitzen lagunduz". Izan ere, gaiari buruz Udalaz gaindiko zenbait erakundek egindako azterlanek jasotzen duten bezala, harrapaketa batean hiltzeko arriskua bost eta zortzi aldiz murrizten da oinezkoen talka-abiadura 50 km/h-tik 30 km/h-ra igarotzen denean; gainera, ondorio onuragarriak dakartza klima-aldaketarako.

Neurri horren bidez pentsamolde aldaketa bizkortu nahi da, autoa hiri barruko ibilbideetarako ez erabiltzeko, batez ere ibilbide laburrenetarako. Eta bizikleta-mugikortasunari ere bultzada berezia eman nahi zaio: udalerriko bizikleta-bideetan segurtasuna hobetu nahi da; bereizitako bidegorri-sarea osatu eta integratu; bizikleta pribatuaren erabilera indartu eta, etorkizunean, bizikleta publikoen sistema ere, bizikleta guztiak elektrikoak izateko aukera baloratuz; eta apurka-apurka bizikleta-aparkalekuen sarea handitu nahi da, mugikortasunaren errealitate berrietara egokitzeko, azken helmugak kontuan hartuz (lantegi eta ikastetxeak, merkataritza-guneak, hondartzak, kirol- eta kultura-ekipamenduak, herri-administrazioaren eraikinak, metro-geltokiak, eta abar), HMIP egitasmoan ere jasotzen den bezala.

Ildo horretatik, Udalak seinaletika horizontala indartuko du, sentsibilizazio kanpaina berriak egingo ditu eta udal araudia errealitate berrira egokituko du, beste administrazio eskudunek izapidetzen ari diren arau berriak izan ondoren.