GETXO. Getxoko Udalbatzak atzo arratsaldean egin zuen ohiko osoko bilkura. Bertan hartutako erabakien artean, bat nabarmendu egin da bereziki: Zugazarte etorbideak bidegorri bat izango du.

Hala adierazi du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak, Elkarrekin-Podemosek bizikletaren erabilera bultzatzeko pizgarri ekonomikoak hartzeko egindako mozioari erantzunez. Mozio hori ez da onartu. Halaber, Arregik adierazi du Getxo 30 km/h-ko udalerria izateko lanean ari direla, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako eremua zabalduko dela Ereagan. Ekintza horiek guztiek lotura zuzena dute bizikletaren erabilera erraztearekin eta Covid-aren osasun neurriak betetzearekin.

Udal Gobernuaren arabera, bizikleta garraiobide indibidual gisa erabiltzea da Udalaren helburuetako bat aspalditik, udal Gobernuaren arabera. "Zure taldearekin bat gatoz urrats berriak azkar emateko beharrarekin, eta, horregatik, duela lau aste bilera bat egin genuen zure taldearekin eta gainerako alderdiekin, gai horri buruzko zenbait neurri proposatzeko, batzuk zuzenean HMIPetik (Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana) jasoak, eta beste batzuk Covid-ekin lotutako helburuak garatuz", aipatu du Arregik.

TAO EZARRIKO DA EREAGAN HONDARTZA-DENBORALDIAN

Gainera, Udal Gobernuak adierazi du, Ereaga eta Azkorri hondartzetan TAO ezartzeko PPren mozio bati erantzunez, eta TAOren kontratu berriaren pleguen idazketa aprobetxatuz (datorren urtean amaituko da egun indarrean dagoen kontratua), erregulazio-eremu berri bat sortzea aurreikusita dagoela, "Ereagako 3. eremua"; 2021ean ezarriko da erregulazio-gune hori, udako denboraldian, ekainetik irailera. Ereagako eremuan, Portu Zaharreraino, 650 aparkaleku inguru daude. Azkenik, PPren mozio hori errefusatu egin da.

ONARTUTAKO MOZIOAK

Aurkeztutako 11 mozioetatik bi onartu ziren testigantza gisa: bata, EH-Bildurena, Juan Carlos Borboitarraren bustoa kentzeko udaletxeko ekitaldi aretotik, eta bestea, Elkarrekin Podemosena, Udalak antolatzen dituen hiri barruko udalekuak aktibatzeko. Hala ere, Udal Gobernuak argitu du ez dagoela horiek antolatzeko denbora materialik.

KONTU-EMATEAK

Atzoko osoko bilkuran, gainera, 688.000 euroko kreditua egokitu dela jakinarazi zen, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gastua gehitzeagatik, eta 73.000 euroko kreditu transferentzia egin dela GetxoBonorako laguntza berezi gisa. Izan ere, Getxoko establezimenduetan tokiko kontsumoa bultzatu nahi da, Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoren. Hain zuzen ere, ekonomiaren eta merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreen egoera mozioen kapituluko eztabaidaren parte handi baten xede izan da.