Kutsadura-arriskuak gutxitzeko

Getxok aurreko asteburuetan ezarritako segurtasun neurriak errepikatuko ditu

12.06.2020 | 17:33

GETXO. Aurreko asteburuetan, koronabirusa kutsatzeko arriskuak murrizteko helburuarekin, Getxoko Udalak segurtasun-neurri zorrotzak ezarri zituen hondartzetan. Izandako arrakasta kontuan hartuta, asteburu honetan neurri horiek errepikatuko dira erabiltzaileen osasuna zaintzeko.

Hesiak eta seinaleak daude Areetako, Ereagako, Arrigunagako eta Azkorri/Gorrondatxeko hondartzetarako oinezkoentzako sarbideetan, bideetako sarrerak eta pasabideen norabideak arautzeko (bide zabaletan eskuinetik ibiltzea), pilaketak saihesteko eta pertsonak errazago pasatzeko. Ereagako hondartzarako ibilgailu-sarbidea, ostiraletik igandera, Punta Begoñako biribilgunetik itxiko da 11:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara, ibilgailuen pilaketak saihesteko. Baimendutako autoei (egoiliarrak, hoteletako bezeroak) pasatzen utziko zaie, eta eguerdian irekiko da, ostalaritza-establezimenduetarako sarbidea errazteko. Era berean, Punta Begoñako eta Igeretxe/Txomintxuko biribilguneen arteko itzulerako erreia trafikoari moztuko zaio, oinezkoentzako espazioa zabaltzeko, Ereagako jaitsieratik aterako dena.

Denboraldiaren lehenengo bi asteetan iturriak, dutxak eta oinak garbitzekoak prezintaturik egongo dira. Egun horiek igaro ondoren, erabakiko da ea horien erabilera posible den osasun agintarien gomendioak kontuan hartuta.

Udalak berriro eskatu die herritarrei eskatzen die neurri horiek errespetatzeko eta arduraz jokatzeko, denok hondartzak eta pasealekuak gozatu ahal izateko. Ildo horretan, udalak gogoratzen du segurtasun tartea gorde ezin bada, maskara ipinita eraman behar dela eta oinez, bizikletaz, patinetez eta abarrez bertaratzea gomendatzen du, ibilgailu pribatua erabili gabe.

EDUKIERAREN ERREGULAZIOA

Bizkaiko Foru Aldundiak egin beharreko hondartzen denboraldiaren aurkezpen ofizialaren zain, kostaldeko udalerriekin hondartzen erabilera eta edukiera erregulatzeko adostutako esparru orokorraren arabera, astelehenetik, ekainaren 15etik aurrera, hondartzainek eta sorosleek neurtuko dute hondartzen okupazioa eta hiru okupazio-maila izango dira, semaforo baten koloreekin bat egiten dutenak, hau da, berdea, anbar-kolorea eta gorria.

Kolore berdeak esan nahi izango du okupazio-maila ona dagoela; anbar-koloreak hondartza nahiko beteta dagoela, eta gorriak edukiera beteta. Bandera anbar dagoenean, hondartzan daudenek jakin ahal izango dute betetzen ari dela, eta horregatik hiru ordu daramatzatenei alde egiteko eskatuko zaie, eta beharbada, sarrerak ixten hasi ahal izango dira.

Herritarrek hiru bide nagusi hauen bitartez jasoko dute informazioa: megafoniaren bidez hondartzan bertan; Bizkaiko Foru Aldundiko hondartzen web-orriaren bidez, eta Aldundiaren BizkaiUp aplikazioaren bidez. Hori edozein gailu mugikorretan deskargatu daiteke. Hondartzara joan aurretik kontsulta daitezke, okupazio-maila ezagutzeko. Bide horietan ere, 24 orduko aurrerapenarekin iragarriko da ea hareatzen saturazio orokorra somatzen den edo hondartzak itxi edo hustu behar diren egun jakin batzuetan, esate baterako tenperatura altuengatik.

Hondartzainak eta sorosleak beti egongo dira harremanetan udalekin, gehieneko edukierara heltzen denean zer neurri hartu behar diren erabakitzeko; kasu horretan, udaltzainak eta ertzainak arduratuko dira araudia betearazteaz.

AKORDIOAREN BESTE GAI BATZUK

Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du zenbat pertsona joan daitezkeen talde batean (orain 20) hondartzara, eta horiek errespetatu beharko dituzte babesteko ezarritako pertsonen arteko distantzia eta gomendioak.

Hondartzetan ezin izango da kirolik praktikatu (11:00etatik 20:00etara), tartean palak, futbola edo beisbola, eta gomendatzen da hiru ordutik gora ez egotea, hala errotazio bat egongo baita, aukera emango duena hondartzaz ahalik eta pertsona gehien gozatu daitezen eta baita ur-koltxonetarik, hozkailuak edo horrelakoak ez eramatea ere. Eguzkitakoak erabili ahal izango dira eta beharra dutenek aulkia eraman ahal izango dute harean jartzeko.